Gizartea -

Osasuna

Gripearen aurkako txertaketa kanpaina, abian EAEn

Lehen aldiz, Osakidetzak berak emango die hitzordua arrisku taldeko pertsonei. Horrez gain, anbulatorioetatik kanpo hainbat txertaketa-gune prestatu dituzte.

Gripearen aurkako txertoa hartu duen pertsona bat. Argazkia: EFE
Gripearen aurkako txertoa hartu duen pertsona bat.
Gaurtik urriaren 31ra arrisku taldeetakoek hartuko dute gripearen aurkako txertoa

2:49

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasiko da gripearen aurkako txertoa jartzeko kanpaina Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak arreta berezia jarriko du talde zaurgarrienetan, COVID-19ak eragindako pandemia dela eta. "Aurten, inoiz ez bezala, urrundu zaitez gripearengandik!" lelopean, Osakidetzak profesionalen eta, oro har, herritar guztien segurtasuna babestu nahi du.

Testuinguru horretan, hiru multzotan antolatu dute aurtengo txertaketa kanpaina. Hain zuzen ere, joan den astean hasi zen lehen txertaketa-fasea, zahar-etxeetan dauden egoiliar zein langileekin. Gainera, osasun arloko langileei eta langile soziosanitarioei ere gripearen aurkako txertoa jarri zieten, kolektibo horietan "kutsatzea saihesteko helburuarekin".

Bigarren fasean, alegia, gaurtik aurrera, Osakidetzak berak arrisku-taldeetako pertsonei (65 urtetik gorakoei, gaixotasun kronikoren bat dutenei eta haurdunei) txertoa jartzeko hitzordua emango die.

Osasun Sailak gogora ekarri duenez, gripea gaixotasun infekziosoa da, oso kutsakorra eta edonor erasan dezake. Gehienetan onbera da, baina arazo larriak sortu ahal dizkie gaixotasun kronikoak dituztenei; horregatik, txertoa da prebentzio-neurri nagusia, segurua eta eraginkorra delako. Iaz, gripeak 65 urtetik gorako herritarren artean izan zuen intzidentzia gehien.

Lehen aldiz, Osakidetzak berak emango die hitzordua arrisku taldeko pertsonei. Horrez gain, anbulatorioetatik kanpo hainbat txertaketa-gune prestatu dituzte: guztira, 300 bat, herena Osakidetzako saretik kanpo.

Urriaren 31tik aurrera, txertoa hartu nahi duten gainerako herritarrek hitzordua eskatu ahalko dute osasun-zentrora deituta, eta data horretatik aurrera jarriko zaie txertoa.

Gripearen aurkako txertoa da gaixotasunari aurrea hartzeko neurririk eraginkorrena, eta infekzioa kasu guztietan saihesten ez badu ere, gaixotasunaren intentsitatea eta konplikazioak murrizten ditu.

Koronabirusarekin bezala, gripea prebenitzeko oinarrizko hiru neurri har daitezke: segurtasun distantzia mantentzea, maskara erabiltzea eta eskuak maiz garbitzea.

Zure interesekoa izan daiteke: Gripea eta COVID-19a: Nola desberdindu sintomak?

Osakidetzak 2.000.000 euro gastatu ditu 558.000 txerto erosteko, iaz baino 138.000 dosi gehiago.

Gripearen aurkako txertoa jartzeko kanpainak hiru fase izango ditu aurten Euskadin
Gripearen aurkako txertoa jartzeko kanpainak hiru fase izango ditu aurten Euskadin
Gripearen aurkako txertoa jartzeko kanpainak hiru fase izango ditu aurten Euskadin

1:25

Iaz 1.304 pertsona ospitalerau zituzten gripearen ondorioz, horietatik 333 larri, eta 45 gaixo hil ziren.

2019/2020 kanpainako txertaketa-tasa % 58,8koa izan zen 65 urteko edo gehiagoko pertsonen artean, % 44,3koa haurdun dauden emakumeen artean eta % 37,4koa Osakidetzako profesionalen artean.

Osakidetzaren kartela

Gripearen aurkako txertaketa kanpainarako Osakidetzaren kartela.

Gripearen aurkako txertaketa kanpaina Nafarroan

Nafarroan, gripearen aurkako txertaketa kanpaina iragan astelehenean hasi zen, urriaren 5ean. Osasun Sailak 270.000 dosi erosi ditu, hau da, iaz baino kopuru bikoitza (126.000), Santos Indurain sailburuak azaldu duenez.

Ohi legez, gripeak osasunean eragin gehien izan dezakeen pertsonei dago zuzenduta bereziki, hau da, 60 urtetik gorakoei, haurdun daudenei, helduei eta osasun-arazo kronikoak dituzten sei hilabetetik gorako haurrei. Arazo horiek, besteak beste, honako hauek dira: kardiobaskularrak, diabetesa, obesitate morbidoa, giltzurrunetako gaixotasunak, gibelekoak, neuromuskularrak, immunogutxitzea eta minbizia.

Halaber, gripea arrisku-baldintzak dituzten pertsonei kutsa diezaieketen pertsonei ere txertoa jartzeko eskatu die Nafarroako Foru Gobernuak. Hori dela eta, garrantzitsua da osasun-langileek ere txertoa jartzea. Gainera, txertaketa langile soziosanitarioentzat ere gomendatzen da, baita etxeko zainketakoentzat ere, eta baita etxean arrisku handiko pertsonekin bizi diren adin txikikoentzat ere.

Nafarroako osasun-zentro gehienetan eska daiteke jada txertoa jartzeko hitzordua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Gripea Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea