Gizartea -

Koronabirusa

Zahar-etxeetako bisitak eta irteerak mugatu dituzte Nafarroan

Neurri murriztaile horiek Nafarroa osoan egongo dira indarrean, iragarritako gainerako murrizketak bezala, datozen 14 egunetan. Dena dela, hiru salbuespen-kasu aurreikusi dituzte.

Egoiliar bat, zahar-etxe bateko leihotik begira. Artxiboko argazkia: EFE
Egoiliar bat, zahar-etxe bateko leihotik begira.
Egoiliar bat, zahar-etxe bateko leihotik begira. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentuak adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroetako bisitak eta irteerak murriztea erabaki du, COVID-19ari aurre egiteko prebentzio-neurri gisa.

Neurri murriztaile horiek Nafarroa osoan egongo dira indarrean, atzo iragarritako gainerako murrizketak bezala, datozen 14 egunetan. Gainera, bi aste hauetan, udalek beste neurri gehigarri batzuk hartzeko aukera izango dute.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen eguneko zentroek zabalik jarraituko dute, familia eta lana uztartzeko eta atseden hartzeko funtsezko zerbitzuak direlako, baina neurri zorrotzak ezarriko dituzte eta edukiera % 75era mugatuko dute.

Testuinguru horretan, erretiratuen zentroetarako edukiera % 30era murriztea erabaki dute, orain arte baimendutako % 50aren aldean.

Egoitza-zentroetako bisiten eta irteeren murrizketak hiru salbuespen-kasu izango ditu: bizitzaren amaiera; egoiliarraren deskonpentsazio neurokognitiboaren arintzea eta narriadura psikoafektibo larriko egoerak.

Kasu horietan, bisitak aldez aurretik hitzartuko dira, egoiliar bakoitzeko pertsona bakarrera mugatuko dira eta nahitaezkoa izango da babes-ekipamenduak erabiltzea, egoiliarrak berak ere bai. Horrez gain, higiene eta prebentzio-neurriak errespetatuko dira, bereziki segurtasun-distantzia eta eskuen higienea.

Orain arte, murrizketa horiek mila biztanleko hiru kutsatze baino gehiago zituzten oinarrizko osasun-eremuetan baino ez ziren aplikatzen. Ildo horretatik,

neurri horiek egoiliarrengan eta haien familiengan "inpaktu handia" dutela badakiela esan du Gizarte Eskubideen Departamentuak, baina, koronabirusaren bilakaerari aurre egiteko asmoz, datozen bi asteetan " ahalegin berezia" egin behar dela gaineratu du.

Hori dela eta, "egoitza-sisteman esku hartzen duten pertsona guztien erantzukizunaren eta lankidetzaren aldeko deia" egin du, egoera aldi baterakoa izan dadin eta, ahalik eta lasterren, normaltasunera itzuli ahal izan dadin.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Medikuak Adinekoentzako egoitzak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa