Gizartea -

Koronabirusa

Tolosako Asuncion Klinikako 35 langilek eta sei pazientek positibo eman dute

Gipuzkoako osasun zentro pribatuak publiko egin ditu langile eta ospitaleratutako guztiei egin dizkieten PCR proben emaitzak.

Asuncion Klinika, Tolosan. Argazkia: Euskadi Irratia
Asuncion Klinika, Tolosan.
Asuncion Klinika, Tolosan. Argazkia: Euskadi Irratia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion Klinikan 35 paziente eta 6 paziente daude koronabirusarekin. Asteburuan zehar itunpeko osasun zentro pribatuak egin duen proben emaitzak dira. Aurreko astean agerraldia atzeman zuen, medikuen artean zenbait positibo aurkituta.

Negatibo eman duten langileei eta gaixoei proba bat egingo die zazpi egunetik behin, hurrengo lau asteetan. Klinikak esan duenez, kutsatutako profesional guztiek eta haien zuzeneko kontaktuek "konfinatuta" jarraitzen dute.

Era berean, Asuncion Klinikak instalazioak garbitzeari ekin dio, agerraldia guztiz desagerrarazteko helburuarekin.

Badaezpadako neurri gisa, ospitaleko jarduera kirurgikoa etenda geratuko da, gutxienez ostegunera arte.

Espezialitate guztietako kanpoko kontsulta guztiak mantendu egingo dira, Tolosan zein Andoainen, Ordizian eta Belateko anbulatorioetan, baita errehabilitazio saioak eta proba erradiologikoak ere. Larrialdiek irekita jarraituko dute, baina ospitaleratzea behar duten kasuak Bidasoako Eskualdeko Ospitalera bideratzen jarraituko dituzte.

Neurri falta salatu du langileen batzordeak

Langileek babes neurriak ez direla hartu salatu dute. Inma Arroyo enpresa batzordeko kidea haserre agertu da Euskadi Irratian. Bere hitzetan, "jakina zen etorriko zela" eta, hala eta guztiz ere, ez dira "beharrezko babes-neurriak" hartu. "Bigarren oldea etorriko zela jakin arren, ez dira ezarri langileen eta gaixoen babeserako neurriak, ez Asuncion Klinikan, ez eta gainerako osasun zentroetan ere. Are gutxiago gurea bezalako ospitale kontzertatu batean, pribatua izanda alor ekonomikoa lehenesten baita", kritikatu du.

Kutsatze masibo hori nondik nora gertatu ahal izan den azaltzeko, hainbat arazo jarri ditu mahai gainean Arroyok. Batetik, behar baino langile gutxiagorekin ari direla lanean, errefortzurik ekarri gabe. Bestetik, osasun zentroan COVID gunea eta COVID ez den gunea banatuta dauden arren, "gune mixtoak" daudela, "prebentzio departamentuak eta Osasun Publikoak ondo dakien bezala".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Tolosa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa