Gizartea -

Bilbon eta Gasteizen

Bi gizon atxilotu dituzte bikotekideei eraso egiteagaitik

Bilboko Santutxu auzoan gizon batek bikotekideari eraso egin ziola onartu zuen. Gasteizen, aldiz, beste gizon batek aulki batekin eraso eta hiltzearekin mehatxatu zuen bikotekidea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzaren agenteek 20 eta 35 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten ostegunean Bilbon eta Gasteizen euren bikotekideei eraso egiteagaitik, Herrizaingo Sailak prentsa ohar baten bidez jakitera emandakoaren arabera.

Lehen kasua eguerdian izan zen, Bilboko Santutxu auzoan. Gizon batek bikotekideari eraso egin ziola onartu zuen eta bikotekideak ere gizonezkoa jo zuela esan zuen, bere burua defendatzeko ahaleginetan.

Bikotearen etxebizitzara joan ziren ertzainek emakumeak belarriaren ondoan eta ezpainean zauri bana zituela ikusi zuten. 10 urteko gizonezkoak, aldiz, lesioak zituen beso batean.

Azkenean, ustezko erasotzailea atxilotu egin zuten emakumeen kontrako indarkeria delitua egotzita.

Hiltzearekin mehatxatu dute, Gasteizen

Bigarren erasoa Gasteizen izan zen, 22:15ean. Emakume batek Ertzaintzari deitu zion Lakua auzora joateko bikotekidearekin arazo larriak zituelako.

Biktimak agenteei azaldutakoaren arabera, gizonezkoarekin eztabaidan hasi zen bien arteko harremanarekin amaitu nahi zuela iragarri zionean. Bikoteak hilabete batzuk zeramatzan elkarrekin.

Gizonezkoak hiltzearekin mehatxatu zuen, gorputzeko zenbait lekutan jo eta aulki batekin eraso egin zion.

Emakumezkoak ebaki bat zeukan beheko ezpainean eta kolpe bat ukondoan. Ondorioz, 35 urteko erasotzailea atxilotzea erabaki zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea