Gizartea -

Epaiketa

Enrich eta Luna futbolariak epaituko dituzte gaur, bideo sexual bat zabaltzeagatik

Fiskaltzak eta akusazioak bost urteko kartzela-zigorra eskatu dute Enrich eta Lunarentzat. Inputatuei egozten zaizkien gertakariak intimitaterako eskubidearen aurkako delituak izan daitezke.

Sergi Enrich, epaitegira iritsi den unean. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia
Sergi Enrich.
Enrich eta Lunaren aurkako epaiketa, bideo sexual bat grabatu eta zabaltzeagatik

0:48

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sergi Enrich Eibar taldeko futbolaria eta Antonio Luna horren taldekide ohi eta gaur egun Girona taldean ari dena epaituko dituzte gaur, asteazkena, Donostiako Zigor arloko Epaitegi batean, emakume batekin grabatu zuten bideo sexuala baimenik gabe grabatzea eta zabaltzea leporatuta.

Horiekin batera, Eddy Silvestre Eibarko jokalari ohia (gaur egun Albaceten dago) eseriko da akusatuen aulkian, beste bi auzipetuek grabatutako bideoa jaso ostean irudiak zabaltzea egotzita.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak bost urteko kartzela-zigorra eskatu dute Enrich eta Lunarentzat. Testuinguru horretan, Ministerio Publikoak bi urteko zigorra eskatu du Silvestrerentzat, eta biktimaren abokatuek hiru urtekoa.

EFE albiste-agentziak aipatutako auziko iturriek jakitera eman dutenez, inputatuei egozten zaizkien gertakariak intimitaterako eskubidearen aurkako delituak izan daitezke, biktimaren bizitza sexuala baimenik gabe grabatu eta irudiak bere borondatearen kontra zabaltzeagatik.

Horrela, akusazioek bi ustezko delitu bereizten dituzte kasu honetan: bata, irudiak biktimaren baimenik gabe grabatzea, eta bestea, bideoa zabaltzea (biral bihurtu zen). Ildo horretatik, Sergi Enrich eta Antonio Luna futbolariei bi delitu horiek egozten dizkiete, eta Silvestreri, berriz, bigarrena.

Espetxe-zigorra eskatzeaz gain, biktimari kalte-ordaina emateko eskatu dute Fiskaltzak eta akusazio partikularrak.

Bideo horretan agertzen den neskak ez grabatzeko eskatu zien futbolariei. Gainera, 2016ko urrian, irudi horiek bere borondatearen kontra zabaldu zituzten sare sozialetan. Horien berri izan ondoren jarri zuen biktimak futbolari horien kontrako salaketa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Kirolak Donostia Gipuzkoa Eibar Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Epaiketak Sare sozialak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa