Gizartea -

KORONABIRUSA

Honela funtzionatzen du COVID-19aren semaforoak eta hauek dira irizpideak

Koloreen mapa berdea, laranja, gorria, gorri iluna edo grisa izango da. Irizpide gisa, intzidentzia tasa, test positiboen kopurua eta egindako proba kopurua hartuko dira kontuan.

Koronabirusak EBn duen intzidentzia erakusten duen mapa, 2021eko otsailaren 5ean. ECDC
Koronabirusak Europar Batasunean duen intzidentzia erakusten duen mapa, 2021eko otsailaren 5ean
Koronabirusak EBn duen intzidentzia erakusten duen mapa, 2021eko otsailaren 5ean. ECDC

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko estatu kideek COVID-19aren mapa epidemiologiko bateratu bat sortu zuten iragan urriaren 13an, koronabirusaren araberako arrisku mailak bereizteko. Urtarrilaren 28an kolore berriak gehitu zituzten. COVID-19aren semaforoak bost kolore ditu guztira: berdea, laranja, gorria, gorri iluna edo grisa.

Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC, ingelesez) berritzen du ostegunero mapa, asteartero (23:59ak arte) estatu kideek Europako Zaintza Sistemaren datu basean sartzen dituzten datuak aintzat hartuta.

Eremuak mugatzeko irizpideak honako hauek dira: 100.000 biztanleko intzidentzia metatua azken 14 egunetan, 100.000 biztanleko egindako proba kopurua eta proba horietan positibo eman dutenen proportzioa.

Aipaturiko mapak estatuetako datuak ez ezik eskualdetakoak ere jasotzen ditu. Europar Batasuneko kide izan ez arren, Islandia, Liechtenstein eta Norvegia ere ageri dira.

Bost koloreko mapa

ECDCk lau arrisku-kategoria aurreikusten dituen koloreen mapa osatu du. Hala ere, kolore grisa esleitzen die informazio fidagarririk ez duten eskualdeei.

Kolore berdea: Arrisku txikiko eskualdeak berdez koloreztatuta agertuko dira, baldin eta 100.000 biztanleko positibo berrien kopurua 25etik beherakoa bada azken bi asteetan, eta test positiboen kopurua % 4tik beherakoa bada.

Kolore laranja: Laranja koloreko eremuak izango dira azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 50 kasu berri baino gutxiago zenbatu dituztenak, baldin eta positiboen kopurua % 4koa edo handiagoa bada, edo kutsatze-tasa 100.000 biztanleko 25 eta 150 kasu berri artekoa bada, baina positiboen indizea % 4tik beherakoa.

Kolore gorria: Eremu gorrian egongo dira azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 50 kutsatu berri baino gehiago dituztenak eta positiboen kopurua % 4tik gorakoa dutenak, edo jakinarazitako kasu berrien kopurua 100.000 biztanleko 150 baino handiagoa dutenak.

Kolore gorri iluna: 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituztenak.

Kolore grisa: Informazio fidagarririk ez dutenak edo proba tasa 300dik beherakoa dutenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Europako herrialdei buruzko albisteak Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa