Gizartea -

Euskara teknologia

Sakelakoan euskara ikasteko aplikazio bat sortu berri dute

www.moblang.eu webgunetik jaitsi daiteke, Internet bidez, aplikazioa duen programa.

EITB.COM
Euskararen hastapenak sakeleko telefonoarekin, Elhuyarri esker

00:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskara oinarrizko maila batean eta era dibertigarri batean ikasteko, sakeleko telefonorako aplikazio berri bat sortu du Elhuyar Fundazioak.

Aplikazio hau "Moblang" ikerketa proiektuko parte da, eta Europar Batasuneko Kultura eta Hezkuntza Komisioaren babesean egin da. Zipreko Neurozientzia eta Teknologia Institutuak gidatu du ikerketa hau, eta Elhuyar Fundazioak eta Grezia eta Erresuma Batuko erakunde akademiko ezberdinek parte hartu dute.

Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak eta Danel Solabarretak, euskarazko sistema berri honen garapenaz arduratu den pertsonak, programa berri hau aurkeztu dute Donostian, prentsaurreko batean. Ekitaldian Yiannis Laouris ere izan da, proiektu europarra zuzendu duen Zipreko institutuko zuzendaria.

Laourisek azaldu du "moblang" proiektua "Mobile Assisted Language Learning (MALL)" sisteman oinarritu dela, eta orain arte grekorako, albanierarako, turkierarako, gaelikorako eta euskararako egin dituztela aplikazio hauek.

Azken honetaz Elhuyar arduratu da, eta "euskara ikasten ari direnentzat" lagungarri izateko gidatu dute proiektua, Solabarrietak azaldu duenez.

2.000 hitz edo esaldi dituen sistema honen arduradunak argitu du aplikazioa erdaraz hitz egiten duten helduentzat zuzendua izan dela, eta euskara ikasten "zerotik edo ia" hasten direnentzat eginiko sistema bat dela. Erdara-euskara hiztegiaz gain, sistema berri honek irudi eta audioak dituzten txartelak dakartza, eta horrez gain esaldi eta hitz solteak grabatzeko edota hiztegia, ulermena, entzumena, idatzizko zein ahozko adierazpena ...lantzeko joko interaktiboetan aritzeko aukera ematen du.

Programa moblang.eu web orrialdean egongo da dohain jaisteko, eta oraingoz Java exekutatzen eta microSD txartelak irakurtzen dituzten mobiletan erabili ahalko da. Dena dela, denbora gutxian Android eta Iphone terminaletan ere erabili ahalko da.

Elhuyarreko eta Moblang proiektuko arduradunek erabilera azaltzeko mintegi bat antolatuko dute astelehenean Donostian, Gipuzkoako Bazkundearen egoitzan. Mintegi horretan Isabel Celaá Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak  parte hartuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea