Gizartea -

Koronabirusa

Macronek etxeratze-agindua ezarri du Parisen eta beste zortzi hiritan COVID-19agatik

Halaber, larrialdi-egoera ezarriko dute herrialde guztian. Etxeratze-agindua 21:00etatik 06:00etara izango da larunbatean hasita, eta lau aste iraungo du, baina seira luzatzeko aukerarekin.

Eiffel dorrea, Parisen. Argazkia: Efe
Eiffel dorrea, Parisen. Argazkia: Efe
Alarma egoera sanitarioa ezarriko du Frantzian Emmanuel Macronek

0:57

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri du etxeratze-agindua ezarriko duela COVID-19agatik alerta egoeran dauden Paris hiriburuan eta zortzi hiritan, ospitaleetako egoera larritzen ari delako.

Halaber, herrialde guztian osasun larrialdi-egoera ezartzea erabaki du Frantziako Gobernuak. Agindua larunbat gauerdian sartuko da indarrean.

21:00etatik 06:00etara izango da etxeratze-agindua, eta larunbatean hasiko da. Lau astez iraungo du neurriak, baina beste bi astez luzatzeko aukerarekin, presidenteak azaldu duenez.

"Neurri zorrotzagoak hartu behar ditugu, egoera kezkagarri baten aurrean baikaude", adierazi du Macronek.

Kutsatzeen hazkundea gelditzea da neurriaren helburuetako bat, egunean 20.000 kutsatze atzematen baitituzte, eta 3.000-5.000 kutsatzera murriztu nahi dute kopurua.

Udaberrian izandako konfinamendua errepikatzea "gehiegizkoa" izango litzatekeela esan du Macronek, eta, horren aurrean, etxeratze-agindua "neurri egokia" dela.

"Ezingo da jatetxe batera joan 21:00etatik aurrera, ezta lagunen etxeetako festetera ere", azaldu du presidenteak, arau-hausteak zaintzeko polizia-kontrolak eta isunak jarriko dituztela jakinarazi aurretik. Era berean, baimenak egongo dira lanera joateko edo bestelako ezinbesteko zereginetarako.

Egoera bereziki zaila da Parisen eta inguruetan, 100.000 biztanleko 320,9 kasu baitaude, eta koronabirusa duten gaixoenak dira zainketa intentsiboen unitateetako oheen % 45.

Parisez gain, etxeratze-agindua izango dute Marseilla, Lyon, Lille, Grenoble, Montpellier, Tolosa, Rouen eta Saint Etienn hirietan.

Pandemiak 33.000 pertsona baino gehiago hil ditu Frantziako Errepublikan, azken datu ofizialen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Paris Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Emmanuel Macron Koronabirusa