Gizartea -

Manuel de Irujo Saria

Eusko Jaurlaritzak Estatuko lehenengo emakumezko epailea saritu du

Gasteizko Exekutiboak 2011ko Manuel Irujo Saria eman dio Josefina Triguerori, duela 33 urte epaile bihurtu zen lehenengo emakumezkoa izateagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Justizia arloko 2011ko Manuel de Irujo saria eman dio Josefina Triguerori Estatuko lehendabiziko emakumezko epaile izateagatik.

Bere jurisdikzio-jardunbidea guztiz bat datorrelako epaileek izan beharreko lanbide-dohainekin eta Espainian karrera judiziala egiten lehenengo emakumea izatea bere garaian ohiz kanpokoa izan zelako erabaki du epaimahaiak saria berari ematea (1977ko abenduan ekin zion karrera judizialari, eta Justiziaren balioak bultzatzeko eta Zuzenbidea sustatu eta garatzeko bide berri bat ireki zuen).

Josefina Triguero Zuzenbidean lizentziatu zen Madrilgo Konplutentse Unibertsitatean. 1977an karrera judizialari ekin zion, eta 1978ko urtarrilean hasi zuen bere lanbide-ibilbidea, epaile-lanetan, Navalmoral de la Matan (Caceres). Han jardun ondoren, Donostia, Bartzelona eta Madrilgo epaitegietan jarraitu zuen lanean. Gaur egun, Madrilgo Auzitegi Nagusiko Lan Arloko magistratua da.

Triguerok epaietan teknika juridiko jasoa erakusten duela eta lan-arloko jurisdikzioko lan-gatazkak konpontzeko ahalegin handiak egiten dituela azpimarratu dute bere lankideek. Bere ibilbideak erakusten du karrera judizialaren feminizazioaren sustatzaile nagusia dela (1966 arte karrera judiziala emakumeentzat debekatuta egon zen Espainian).

Manuel de Irujo Sariaren bidez, publikoki goraipatu nahi da jardunbide pertsonal edo profesionalen bidez Justiziarekiko eta haren balioekiko konpromisoan eredugarri diren eta Zuzenbidearen edozein diziplina edo espezialitate garatzen eta sustatzen duten pertsonen eta taldeen jarduera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea