Publizitatea
Itxi

2020/10/17

10:52

Gizartea

POBREZIA

"Gutxien dutenak kolpatu ditu bortitzen pandemiak, gehienbat emakumeak"

Idoia Alberdi Etxaniz | EITB.EUS

Osasun krisia lehertu zenetik, geroz eta gehiago dira Gipuzkoako Caritasen atera laguntza eske hurbiltzen diren herritarrak. Datu zehatzen faltan, kopurua % 15-20 hazi dela diote.

  • Pobrezia.

    Errenta baxua duten emakumeak, krisiak gogorren kolpatu dituen kolektiboa. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Pobreak geroz eta pobreago, eta herritarren arteko aldeak geroz eta nabarmenago. Orain arteko krisi guztiek eragin dutena eragin du COVID-19aren pandemiak ere, baina, dituen ezaugarriengatik, inoiz baino agerikoago dira ondorio horiek.

Birusak munduko bazter guztiak astindu baditu ere, herritarren maila sozioekonomikoak zerikusia du pandemiari aurre egiteko moduarekin. Kolektibo zaurgarrienak ari dira kolperik bortitzena jasotzen, eta gobernuz kanpoko erakundeak kezkatuta daude, okerrena etortzeko dagoelakoan. Horregatik, berandu baino lehen, egiturazko arazo bati egiturazko erantzuna emateko eskatuko diete gaur erakundeei mundu osoan, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna baita.

Milaka lagun aterako dira kalera, tartean, Gasteizen, pobrezia desagerrarazteko neurriak eskatzeko. Hainbat erlijiotako elkarteek deituta, elkarretaratzea egingo dute Aihotz plazan, 18:00etan; kandela bat piztuta, mundu justuago bat irudikatuko dute.

Osasun krisia lehertu eta martxoan alarma egoera ezarri zenetik, pobreziaren zenbakiak geroz eta gordinagoak dira, baita Euskal Herrian ere, eta horren lekuko zuzena da Caritas Gipuzkoa erakundea. Milaka lagunek jo dute euren atea azken hilabeteotan, laguntza eske. Hain zuzen, koronabirusaren pandemiaren ondorioz, %15-20 hazi da elkarte horretara jo dutenen kopurua.

Jose Emilio Lafuente Gipuzkoako Caritasen idazkaria da, eta, bere hitzetan, lurralde guztietan egin du gora eskariak. Pandemiaren bilakaera ikusita, datozen hilabeteak oso gogorrak izango direla aurreikusten du. "2008ko krisi ekonomikoren ondoren, suspertze fasean geundela ikusten ari ginen; azken bost urteotan gure elkartera laguntza eske etorri direnen kopuruak beheranzko joera zuen, eta hori positiboa zen guretzat. Baina datozen hilabeteak oso gogorrak izango direlakoan gaude", esan du.

Datuak aztertzen ari dira, eta, oraindik, zenbaki zehatzik eskuartean ez badute ere, "lehendik bazterkeria egoeran zeudenak are gehiago baztertuta" utzi ditu pandemiak, Lafuenteren arabera.

Errenta baxua duten emakumeak, kolektibo kolpatuena

Krisiaren atzaparretan, batez ere emakumeak erori dira, beste behin. Seme-alabak bere zaintzapean dituen emakumea, etorkina kasu gehienetan, eta ostalaritzan edo etxeko lanetan aritzen dena, kontratu finkorik gabe; hori da Gipuzkoako Caritasera hurbildu direnen argazkietako bat. "Zuten diru-iturri eskasa agortuta, aurrezteko inolako aukerarik ez dutenak iristen dira gurera". Gainera, kasu horietatik askok "ez dute paperik " eta "ondorioz, erakundeen laguntzetara jotzeko aukerarik ere ez".

Era berean, etxerik gabekoak dira krisiak bortitzen kolpatu dituen beste kolektiboa, eta horiengan ere arreta berezia jarri du Caritasek. "Baliabide ekonomikorik ez izateaz gain, aterperik ere ez dute, eta askok osasun arazo larriak dituzte", nabarmendu du Lafuentek. Horregatik, konfinamendua ezarri zen egunetik, "etxerik gabekoak artatzea izan da gure zeregin nagusietako bat".

Halere, euren burua laguntza eskatzera behartuta ikusi dutenen argazki berri bat ere ekarri du krisi honek. "Profila aldatu egin da, eta bertako familiak ari zaizkigu hurbiltzen, egoera oso zailetan daudenak: lanik gabe, aurrezkirik gabe eta irteera bilatu ezinda", gaineratu du.

Bakardadea, pandemian

Elikagaiak, arropa eta bizitzeko beste baliabideak banatzeaz gain, Caritasek badu beste erronka handi bat; behar duen orori, laguntza emozionala eta psikologikoa ematea, tartean, bakardadean bizi direnei.

Arazo hori ere areagotu egin du pandemiak, eta, adituen iritzian, osasun publikoaren mehatxuetako bat da bakardadea. Txarrari onena atera nahi horretan baina, Lafuentek argi-izpia ikusi du gaitzaren erdian: "sortu diren laguntza-sareak eta elkartasun-bideak". Bere ustez, itxialdian bakarrik zeudenei laguntzeko tokian-tokian sortutako taldeek "gizartearen alderik onena utzi dute agerian".

Beste muturrean, berriz, "pertsonen zaurgarritasuna" jarri du Lafuentek. "Pandemiak argi erakutsi digu pertsona baten zaurgarritasun maila zein larria izan daitekeen", gaineratu du. Horregatik, pertsona guztien bizi-baldintza duinen alde lanean jarraitzeko borondatea agertu du Gipuzkoako Caritasek, hori baita "elkartearen bokazioa eta oinarria".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;