Gizartea -
Manifestazioa
Ehunka pertsonak "osasun zerbitzu % 100 publikoa" eskatu dute Tolosan
Asuncion Klinikan gertatutakoa "kasualitatea ez" dela salatu dute manifestariek, "kalitate eskaseko zerbitzu baten emaitza" baizik.
eitb.eus
Ehunka pertsonak manifestazioa egin dute Tolosako (Gipuzkoa) kaleetan, "Tolosaldea osasun publikoaren alde" eta "Lortu arte ez dugu etsiko" bezalako leloekin. "Aski da! Tolosaldeak osasun zerbitzu % 100 publikoa behar du, dagokion ospitale publikoarekin, dagozkion zerbitzu eta langile ratioekin", aldarrikatu dute.
COVID-19 agerraldi batek 41 pertsonari eragin die Asuncion klinikan, gehienak bertako langileak. Agerraldia “lan baldintza txarren” ondorio dela salatu dute klinikako beharginek, besteak beste, “maskara egokien” eta beste “babes neurri” batzuen faltagatik.
Asuncion klinikan gertatutakoa “kasualitatea ez” dela salatu dute manifestariek, “kalitate eskaseko zerbitzu baten emaitza” baizik. “Hau ez da posible!”, kritikatu dute. “Asuncion klinikaren konfinamendua Tolosaldeako osasun zerbitzu kaskarraren ondorioa da”, esan dute. “Klinikaren gaineko kontrol publiko faltaren ondorio”, erantsi dutenez.
“Pandemiak Osakidetzaren egoera eta azken urteetako murrizketa politiken ondorioak agerian utzi ditu, baina gure kasuan egoera are dramatikoagoa da”, azaldu dute. “Tolosaldean inon baino gehiago, osasun zerbitzuen pribatizazioarekin jolastu delako”, gaineratu dutenez.
Horregatik, “Osasun Sailak Tolosaldeako biztanleekin duen zor historikoari erantzuna ematea”, eskatu dute.