Gizartea -
Migrazioa
Atzerritarren Bulegoaren hitzorduetan atzerapenak salatu dituzte
Atzerapenak salatzen 2018an hasi zenetik, "egoerak nabarmen egin du okerrera", azpimarratu du Arrazakeriaren aurkako Nafarroako Mugimenduak.
Agentziak | Erredakzioa
Arrazakeriaren aurkako Nafarroako Mugimenduko kideek elkarretaratzea egin dute Espainiako Gobernuak Iruñean duen Ordezkaritzaren aurrean, Atzerritarren Bulegoan izapideak egiteko hitzorduetan atzerapenak daudela salatzeko. Egoera “arrazakeria instituzionala” da, kritikatu dutenez.
“Hitzordu batentzako 7 hilabete”, “Paperik gabe, eskubiderik ez”, “Kanporaketei ez”, “Hitzordurik gabe, eskubiderik ez” edo “Erregularizazioa orain” kartelak erakutsi dituzte.
Atzerapenak salatzen 2018an hasi zenetik, “egoerak nabarmen egin du okerrera”, azpimarratu du Arrazakeriaren aurkako Nafarroako Mugimenduak ohar batean.
Arrakala digitala
Kolektiboaren hitzetan, Administrazioak bide telematikoari lehentasuna emango zaiola dio, baina “eskuragarritasuna errazten ari ez direla ezkutatzen dute, arrakala digitala kontuan hartu gabe; ondorioz, profesionalen menpe geratzen dira; gainera, horrela sistematik at hitzorduen salerosketarako merkatu bat bultzatzen ari dira”.
“Derrigorrezko izapideak dira, ekonomikoki eta pertsonalki nekezak, denboran luzatzen baitira, eta bere garaian migratzeko edo asiloa eskatzeko eskubide legitimoa gauzatzea erabaki zutenen eskubideak bertan behera uzten dituzte”, adierazi du Mugimenduak.
Erakundeen arrazakeria
Zentzu horretan, Atzerritarren Legeak ezarritako izapideak dira, etengabe salatu dituzten legediak, alegia, erantsi dutenez: “erakundeen arrazakeriaren adierazpen gorena, herritartasun kategoriak sortu eta pertsonak irregulartasunera eta jatorriagatik azterketa etengabe batera zigortzen baititu”.
Era berean, Nazioarteko Babes eta Asilo Legeak “gero eta murrizketa gehiago ezartzen ditu, eta babesaren aurka diseinatuta dago”.
Egoera “onartezina da, Atzerritarren Legearen oztopo lasterketari zailtasun gehiago jartzen dizkiolako, baita oinarrizko eskubideak urratu eta pertsonen zaurgarritasun juridiko eta soziala areagotzen dituelako ere”, nabarmendu dute oharrean.
“Hitzorduen falta erakundeen arrazakeriaren beste adierazpen bat baino ez da, pertsonak mailakatzen jarraitu nahi dutelako, murrizketak eta eskubideak ezabatzea justifikatzeko”, salatu du Mugimenduak. Horregatik, Atzerritarren Legea indargabetzea eta “baldintzarik gabe, Espainiako Estatuan dauden pertsona guztiak erregularizatzea” eskatu dute.
Iruñeko Atzerritarren Bulegoan, “prozedura ezberdinetarako hitzorduetan atzerapenak konpontzeko irtenbide eraginkorrak berehala ezartzea” eskatu dute Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean.