Gizartea -

KORONABIRUSA

Alerta gorrian dauden herrietan neurri gehiago hartzea aztertuko du gaur Jaurlaritzak

Testuinguru horretan, Ignacio Garitanok aurreratu du, egoerak hala eskatzen badu, ez dutela arazorik izango zenbait udalerritan konfinamendu perimetralak ezartzeko.

Alerta gorrian dauden herrietan neurri gehiago hartzea aztertuko du gaur Jaurlaritzak
Alerta gorrian dauden herrietan neurri gehiago hartzea aztertuko du gaur Jaurlaritzak
Alerta gorrian dauden herrietan neurri gehiago hartzea aztertuko du gaur Jaurlaritzak

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku-batzordea berriro bilduko da gaur, osteguna, koronabirusaren bilakaera dela-eta neurri murriztaile gehiago hartu behar ote diren aztertzeko. Bileraren ostean, 18:00etan, agerraldia egingo dute hedabideen aurrean, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da eitb.eus-en.

Besteak beste, 100.000 biztanleko 500 kasu positibotik gorako tasa duten 5.000 biztanletik gorako udalerrietan koronabirusaren hedapena saihesteko neurri "fokalizatu eta kirurgiko" berriak ezartzeko aukera aztertuko dute, lehendakariak berak jakitera eman duenez.

Gaur egun, 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten EAEko udalerriak ondorengoak dira: Abadiño, Durango, Elorrio, Ermua eta Lekeitio Bizkaian, eta Andoain, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Eibar, Elgoibar, Hernani, Lezo, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Zumaia eta Zumarraga, Gipuzkoan. Araban ez dago tasa hori gainditzen duen herririk.

Joan den larunbatean, euskal erakunde guztiak ordezkatuta dauden organo hori eta Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria bildu ziren, eta EAEn neurri murriztaile gehiago hartzeko agindua adostu zuten. Osasun Sailaren agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak baliozkotzeko zain daude orain.

Agindu horrek sei pertsonatik gorako taldeak debekatzea eta edukiera % 50era murriztea ezartzen du, besteak beste, ostalaritzan (terrazak salbu) eta kultur ekitaldietan eta erlijiosoetan. Jatetxeetan eta tabernetan 00:00etan ixtea ere aurreikusten du, orain arte baino ordubete lehenago, eta txokoetan eta elkarteetan jarduera debekatzea.

Gainera, Iñigo Urkulluk esan du "kezkatuta" daudela eta "5.000 biztanletik gorako udalerrietan beharrezkoak izan daitezkeen neurri berriak ezartzea" aztertuko dutela biharko bileran, "udalerri horietako batzuetan intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 500 kasu positibotik gorakoa baita". Azaldu duenez, neurri horiek, printzipioz, "fokalizatuak eta kirurgikoak" dira. "Hausnarketa horretan ari gara, eta bihar arratsaldean modu partekatuan heldu nahi diogu LABIren bileran", adierazi du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiak dagoeneko eman du agindu horren aldeko txostena; Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo esan zuenez, baliteke agindua berraztertzea, eta LABIren biharko bileran adostu daiteke hori.

Asteartean jakitera eman ziren Euskadiko pandemiaren bilakaerari buruzko azken datuek erakusten dutenez, Gipuzkoako bilakaerak gorantz jarraitzen du, 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kasuko tasa metatua gainditu baitu. Zehazki, 506,14koa da Gipuzkoan, 304,7koa Bizkaian eta 291,8koa Araban.

Garitano: "Jaurlaritzak ez du arazorik izango herriak konfinatzeko"

Testuinguru honetan, Ignacio Garitano Osakidetzaren eta Osasun Sailaren Zaintza eta Kontrol programako koordinatzaileak adierazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela “arazorik” izango herri osoak ixteko, neurri hori pandemia kontrolatzeko baliagarria izan daitekeela uste badu.

Garitanok gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak koronabirusari aurre egiteko diseinatutako planak dagoeneko aurreikusten duela konfinamendu perimetralak ezartzea, pandemiaren hedapen handiko lekuetan.

Nolanahi ere, balizko konfinamendu horiek eragingarria izateko, beste neurri “osagarriak” ere ezarri behar direla azaldu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko kostaldeko herri eta hiri nagusietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Gaixotasunak argazkiak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Osasunari buruzko albisteak COVID olatu berria Alarma-egoeraren amaiera LABI gaur