Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroa itxi dute, pandemiaren bigarren olatuari aurre egiteko

14 egunez, ostalaritza zarratuta egongo da, eta harremanak familia edo bizikidetza unitate berera mugatu beharko dira. Konfinamenduak ez dio Iparraldeko mugari eragingo.

Foruzain bat, Donezteben, kontrol bat egiten. Argazkia: @policiaforal_na
Foruzain bat, Donezteben, kontrol bat egiten.
Gaur Nafarroan ezarritako kontroletan ez da isunik jarriko

1:21

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetan sartu da indarrean Nafarroan konfinamendu perimetrala eta COVID-19aren hedatzea geldiarazten saiatzeko gainerako neurri murriztaileak. 14 egunez, azaroaren 4ra arte, Nafarroan sartzea edo irtetea galarazita egongo da, ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta tabernak eta jatetxeak itxita egongo dira.

Foru Gobernuak emandako azken datuen arabera, koronabirus kasuek behera egin dute azken orduetan (367 positibo berri), % 9,85eko positibotasun tasarekin, eta zortzi pertsona hil dira birusarekin.

Neurriok, oinarrizko eskubideei eragiten dieten heinean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak berretsi behar ditu. Ostiralerako espero du erabakia Nafarroako Gobernuak. Dena dela, Javier Remirez Nafarroako Gobernuaren bozeramaileak iragarri duenez, Espainiako Gobernuak erkidegoetako osasun arduradunekin ostegunean egingo duen bileran neurri murriztaileei "berme juridikoa" emango dien erabakiren bat espero dute.

Neurri berriak

Zirkulazioa: Baimenduta dago lurraldea zeharkatzea baldin eta abiapuntua eta helmuga Nafarroatik kanpo badira.

Garraioa: Herri barruko garraio publikoan % 50ekoa da gehienezko edukiera, ordu-tarte guztietan. Eskola garraioan ez da neurri bera aplikatuko.

Ostalaritza: Taberna eta jatetxe guztiak itxita dauden arren, hoteletako jangelak zabalik daude, baina bertan ostatu hartu dutenei soilik eman ahal diete zerbitzua, eta mahai bakoitzean sei pertsona elkartu ahal izango dira gehienez. Halaber, etxera eramateko menuak prestatu ahalko dituzte jatetxeek, 21:00ak arte.

Hiletak eta beilak: Leku irekietan 25 pertsona bildu ahal dira, asko jota, eta itxietan 10. Azaroaren 1ean, hilerrietan 3 metro koadroko tartea gorde beharko dute bisitariek.

Saltokiak: % 40ko edukiera izango dute, eta 21:00etan zarratuko dituzte ateak.

Azokak: Kaleko azoka txikietan postu batetik bestera 4,5 metroko tartea egon beharko da, aurrez aurre, eta erosleen artean 1,5 metrokoa.

Akademiak eta autoeskolak: Aurrez aurreko eskolak egingo dira, betiere edukieraren % 40 eta 1,5 metroko distantzia errespetatuz.

Liburutegiak: Kasu honetan, edukiera % 30ekoa izango da.

Kirol jarduerak eta instalazioak: Barruko jardueretarako % 30eko edukiera ezarri dute; kanpokoetarako, berriz, % 40koa. Ezingo dira aldagelak erabili, ezta dutxak, iturriak eta antzekoak ere. Kirol lehiaketetan ez da ikuslerik egongo.

Igerilekuak: % 30eko edukiera dute gaurtik aurrera.

Jolastokiak: % 30eko edukiera errespetatzeaz gain, haurrek ezingo dute 21:00etatik aurrera jolasean jardun.

Alkohol salmenta: 21:00etatik 08:00etara ez da alkoholik salduko.

Zaharren egoitzak: Bisitak eta egoiliarren joan-etorriak debekatuta daude.

Esparru pribaturako gomendioak

Bizikideekin soilik egotea aholkatu du Nafarroako Gobernuak. Horretarako, "bizikidetza burbuilak" eratzea exijitu dute. Bakarrik bizi diren edo laguntza behar duten pertsonen kasuan, haien zaintzaileak ere bizikide gisa hartuko dituzte.

Nafarroako ostalariek pertsiana jaitsi dute

Nafarroako ostalariek pertsiana jaitsi dute asteazken honetan, 22:00etan, gauerdira arte indarrean izan den araudia betez. Datozen 14 egunetan, ostera, erabat itxita egongo dira, gauerdian indarrean sartu den Foru Araua betetzeko. Ostalariek neurriaren kontra egin dute mobilizazioetan.

Horrela, Iruñeko Gazteluko plazan protesta egin dute gauean. Tabernak eta jatetxeak ixten joan diren heinean, langileak plazan bildu dira. "SOS hosteleria. Basta ya. Aski da" lelopean, batasuna aldarrikatu dute.

Nafarroako ostalariek pertsianak jaitsi dituzte
Nafarroako ostalariek pertsianak jaitsi dituzte
Nafarroako ostalariek pertsianak jaitsi dituzte

0:45

Sarrera-irteerak debekatzeaz gain, tabernak eta jatetxeak itxita egon beharko dira. Salbuespena izango dira ogia eta prentsa saltzen duten establezimenduak, eta etxera eramateko janaria dutenak. Horiek 21:00etan zarratu beharko dituzte ateak.

Hotelei eta nekazaritza-turismoko etxeei dagokienez, jatetxea zabalik eduki ahalko dute ostatu hartuta daudenei jaten emateko, baina gehienez lau pertsonako mahaiak osatuta.

Nafarroako ostalariak oso kritiko azaldu dira itxierarekin, eta "erreskate eta bideragarritasun plana" eskatu dio Gobernuari. Itxiera "politikoa" dela salatu dute.

Konfinamendu perimetralak ez dio Frantziako mugari eragingo

Erabakiok heldu bitartean, gauerdian sartu dira indarrean neurriak. Hala, debekatuta dago erkidegora sartzea edo irtetea, ez bada lanera, ikastera edo senideak zaintzera joateko edota ezinbesteko beste arrazoi bategatik. Dena den, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak argitu duenez, konfimamenduak ez dio eragingo Iparraldearekin dagoen "nazioarteko mugari", Foru Erkidegoak ez baitu eskuduntzarik arlo horretan.

"Beste gauza bat izango litzateke Espainiako Gobernuak alarma-egoera eta etxeratze-agindua ezarriko balu. Baina gaur-gaurkoz, Foru Araua bakarrik dugula, itxierak ez dio muga horri eragingo", azaldu du.

Olloren arabera, Nafarroak "mugaz gaindiko eremu hori leku berezitzat jotzea" eskatu zuen lehen alarma-egoeran. "Orduko hartan azaldu genuen Frantziarekiko muga ixteak Nafarroarentzat oso garrantzitsuak diren jarduera komertzialak zailtzen zituela, baita mugaren bi aldeetako herritarrek harremanak ere", esan du, eta "orain horren antzeko erabakirik badator, eremu horren berezitasuna aitortzea" eskatuko dutela berriro.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Frantzia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Tabernak María Chivite Koronabirusa Alarma egoera Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiketak