Gizartea -
Dokumentala
Frantzisko aita santua, homosexualentzako ezkontza zibilen lege baten alde
"Homosexualek familia batean egoteko eskubidea dute. Ezkontza zibilen lege bat izan behar dute, horrela babes legala izango dute", adierazi du pontifizeak 'Francesco' dokumentalean.
Agentziak | Erredakzioa
Frantzisko aita santua homosexualentzako ezkontza zibilen lege baten alde agertu da lehen aldiz, Evgeny Afineevsky zuzendariaren Francesco dokumentalean. Lana Erromako jaialdian estreinatu da gaur.
“Homosexualek familia batean egoteko eskubidea dute. Ezkontza zibilen lege bat izan behar dute, horrela babes legala izango dute”, adierazten du pontifizeak dokumentaleko esaldi batean.
Lanak bi orduko iraupena du. Pertsona ospetsuei eta aita santuaren adiskideei egindako elkarrizketak, Erromako gotzainaren bidaiak, pontifizeak emandako hitzaldiak, Frantziskok offean eginiko adierazpenak, eta baita kamera aurrean egindakoak ere, uztartzen dira dokumentalean.
“Berarekin bost bat aldiz elkartu naiz, beti bere agendaren arabera, kamera aurrean bi elkarrizketa egin ditugu”, azaldu du dokumentaleko zuzendariak. Ondorioz, ez dago argi Frantziskok noiz egiten dituen adierazpenak. Ezkontza zibilen alde agertzen da aita santua, Elizak ezkontza erlijiosoak errefusatzen dituelako.
Evgeny Afineevsky zuzendaria. Argazkia: EFE
Sexu-abusuak
Juan Carlos Cruz Txileko ekintzailea eta sexu-abusuen biktima elkarrizketatuetako bat da. Abusuak eta homosexualak hizpide dituzte Cruzek eta Frantziskok.
Abusuen gaitzaren inguruan Frantsizkoren bilakaera azpimarratu du dokumentaleko zuzendariak, baita “hanka-sartzeez ikasteko” gaitasuna ere.
Akats horietako bat, aita santuak ondoren onartu duenez, 2018an Txileko apaizen sexu-abusuen biktimak ez sinestea izan zen, eta haserre gainera, frogak eskatu zizkienean. Gutxi geroago, barkamena eskatu zien, eta biktimak Erroman hartu eta Txileko apaizak dimisioa ematera behartu zituen.
“2019ko otsailean abusuen goi-bilera egin eta bi hilabete geroago soilik, aurreneko emaitzak ikusi ziren, salatzera behartzeko Vatikanoko lege berria, eta gutxi geroago sekretu pontifikala bertan behera utzi zuten”, nabarmendu du Afineevskyk.