Gizartea -

KORONABIRUSA

Positibo marka berria EAEn, 1.212 kasurekin, eta Nafarroan goraka, 497rekin

620 kasu atzeman dituzte Gipuzkoan, 452 Bizkaian eta 136 Araban. Positiboen portzentajea % 8,7koa da EAEn eta % 12,9koa Nafarroan. Lau pertsona hil dira, gainera, Foru Erkidegoan.

Osasun langile bat PCR proba egiten Azpeitiko gazte bati. Argazkia: EFE
Osasun langile bat PCR proba egiten Azpeitiko gazte bati.
1.212 kasu berri atzeman dira EAEn azken 24 orduetan eta % 8,7koa da positibitate tasa

1:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik 1.000 kutsatze baino gehiago atzeman ditu berriro ere, azken orduetan 1.212 izan baitira, bezperan baino 5 gehiago.  Orotara 13.895 PCR proba egin dira. Beraz, positiboen portzentajea % 8,7ra igo da. Bigarren olatu pandemikoan izan den portzentajerik altuena da hori.

Osasun Sailak ostiraleko pandemiaren bilakaerari buruzko datuak eguneratu ditu, Eusko Jaurlaritzak ezarritako murrizketa berriak indarrean diren honetan. Murrizketa horien arten dago 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kutsaduratik gora pilatu dituzten 25 udalerrietatik ez ateratzeko eta sartzeko gomendioa.

Gipuzkoa da kutsatze berri gehien izan dituen lurraldea, 620. Bizkaian 452 positibo berri atzeman dituzte eta Araban 136. Beste 4 kasu Euskaditik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie. Deigarria da Gipuzkoan zein Araban kasuek izan duten gorakada.

Ospitaleratzeei dagokienez, 61 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten atzo COVID-19a dela eta, eta 71 lagun daude gaur egun Zaintza Berezien Unitateetan infekzio hori dela eta.

Herriz herriko informazioa eta RO indizea ez dira astelehenera arte jakinaraziko.

497 positibo Nafarroan, atzo baino 28 gehiago

Bestalde, 497 COVID-19 kasu gehiago atzeman ziren ostiralean Nafarroan. Kopurua bezperakoa baino altuagoa da, 469 kasu izan baitziren orduan.

Nafarroako Gobernuko Osasun Sailetik jakitera eman dutenez, atzo 3.848 PCR eta antigeno test egin zituzten (aurreko egunean 3.717), eta positibotasun tasa % 12,9koa izan zen, aurreko eguneko % 12,3aren gainetik.

30 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten COVID-19a dela eta, eta lau pertsona hil ziren: 68,75, 90 eta 97 urteko lau gizon. Guztira, 672 pertsona hil dira COVIDarekin Nafarroan, pandemia hasi zenetik.

Iruñean eta Iruñerrian atzeman zituzten ostiralean positibo berrien % 54, Tutera aldean % 23, Lizarraldean % 8 eta gainontzeko %15a Nafarroa osoan zehar.

Adinari dagokionez, kasu gehienak 15-29 adin tarteetan atzeman ziren (% 23), 30-44 artean eta 45-59 artean % 22na, 15 urtetik behera % 14, 60-75 artean % 12 eta 75etik gora % 7.

Gaur egun 367 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin, horietako 41 ZIUn.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Nafarroa Tutera Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Tafalla Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Lizarra Barañain Koronabirusa Osasunbidea Alarma egoera