Gizartea -

Koronabirusa

Osasun Sailak adierazi du "presioa gero eta handiagoa" dela ospitaleetan

Edonola ere, Osasun Sailak azpimarratu du erietxeak ez daudela kolapsatuta eta jakinarazi du zaintza intentsiboetako unitateetan oheen % 30 daudela okupatuta.

Basurtuko ospitalea. Artxiboko irudia: EFE
Basurtuko ospitalea.
Basurtuko ospitalea. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan 11.448 pertsona daude koronabirusarekin kutsatuta eta 50.000 baino gehiago daude isolamenduan kontaktua estua izateagatik. COVID-19aren pandemia hasi zenetik pilatutako datu okerrenak dira.

Joan den astean kutsatutakoen kopurua 7.118koa zen. Positibo bakoitzeko 4 kontaktu estu jarri dituzte isolamendua. Halaber, zehaztu dute aktibo dauden kasuen % 35 aurrez antzemandako kontaktu estuen bidez detektatu dituztela.  

Ignacio Garitano Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Kontrol eta Zaintza Programako koordinatzaileak agerraldia egin du gaur arratsaldean, pandemiak urriaren 19tik 25era bitartean izan duen bilakaerari buruzko xehetasunak emateko.

Aste horretan 6.817 positibo gehiago baieztatu zituzten EAEn: 3.126 Gipuzkoan, 2.898 Bizkaian eta 611 Araban, hain zuzen ere. Gipuzkoan eta Bizkaian aurreko astean baino 1.000 kasu baino gehiago detektatu dituzte.

Garitanok esan du kutsatze-tasa "altua" dela eta, horren ondorioz, ospitaleetan "presioa gero eta handiagoa" dela onartu du, baina ziurtatu du erietxeak ez daudela kolapsatuta.

EAE kontingentzia planaren bigarren agertokian dagoela adierazi du eta zaintza intentsiboetako unitateetan dagoeneko 75 pertsona daudela jakinarazi du. Horrela, bada, zaintza intentsiboetako unitateetan oheen % 30 daude okupatuta. Ildo horretan, gogora ekarri du egoerak okerrera egingo balu 620 ohe gehiago jartzeko moduan dagoela Osakidetza.

Garitanok arduraz jokatzea eta prebentzio neurriak betetzea ezinbestekotzat jo du pandemia gelditzeko. Alabaina, aitortu du egunero mila kutsatu berri izanda zaila dela egoera epe laburrean kontrolatzea zaila dela, positibo horiek beste positibo batzuk eragiten dituztelako.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzak astelehenean ezarritako neurriak eraginkorrak diren ikusteko gutxienez bi aste itxaron beharko dela esan du.

Aztarnari sareari dagokionez, langile kopurua "nahiko ondo" zehaztu dela adierazi du eta Osakidetzak proba masiboak egiten jarraitzeko ahalmena daukala ziurtatu du.  

Edonola ere, Garitanok aitortu du aztarnariei lana pilatu zaiela, egunean 500 kasu detektatzetik 1000 positibo izatera igaro garelako. Lasaitasunerako deia egin du, kontaktu estu guztiek proba egiteko aztarnarien deia jasoko dutela aginduz.

Bestalde, azken egunetan hainbat udalerrietan egindako baheketa masiboei buruzko datuak eman ditu. Durangon 69 positibo antzeman dituzte; Urnietan, 16; Ordizian eta Zaldibian, 41; Zumaian, 8; Ermuan, 12; eta Beasainen 6. Azken hiru herri horietan, baina, oraindik test gehiago egingo dituzte.

BIDEOA | Osasun langileek premiaz langile gehiago kontratatzeko eskatu dute

Osasun langileek premiaz langile gehiago kontratatzeko eskatu dute
Osasun langileek premiaz langile gehiago kontratatzeko eskatu dute
Osasun langileek premiaz langile gehiago kontratatzeko eskatu dute

1:13

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea