Gizartea -
Kale-izendegia
Bilboko kale berri gehienek emakume izena izango dute
Udalaren osoko bilkurak aho batez erabaki du hirian jarriko dituzten izen berriak emakumeenak izatea. 2016tik egindako bederatzi izendapenetatik, zortzi emakumeenak izan ziren.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Udalak aho batez erabaki du hemendik aurrera kale, plaza, etorbide, espazio berde edo hirian garatzen den azpiegutura gehienek emakume izena izatea.
Udalak aho batez onartu du gobernu taldeak (EAJ eta PSE-EE) eta Elkarrekin Podemosek negoziatutako mozioa, EH Bilduren eta PPren aldeko botoekin.
Ahal Duguk, Ezker Anitza-IUk eta Equok osatzen duten koalizioaren proposamena izan zen Bilboko kale berriak emakume izenez izendatzea. Carmen Muñoz zinegotziak osoko bilkuran nabarmendu duenez, Bilboko 900dik gora kaleetatik soilik 28k izatea emakume izena "bidegabekeria historikoa" da. Hala ere, onartu duenez, gaur egun egoera hori aldatuz joateko “borondate politiko argia” dago.
Azpimarratu duenez, kaleak izendatzeko proposamenak egiteko parte hartze kanal bat dago, eta eskatu du izendapen berria "adostasunez" egitea, azken erabakia alkateari, Juan Mari Aburtori, dagokion arren.
Oihane Agirregoitia Herritarren Arreta eta Partaideta zinegotziak (EAJ) onartu du kale-izendegian ere "genero arrakala murriztea" beharrezkoa dela. Argitu duenez, 2016etik egindako bederatzi izendapenetatik zortzik dute emakume izena. Alkateak "adostasuna" erraztuko eta errazten jarraituko duela esan du.
Agirregoitiak zehaztu dunez, 2016ean, prozesu parte-hartzailea martxan jarri zenean, kaleak izendatzeko 600dik gora proposamen jaso ziren, eta erdia baino gehiago emakumezkoenak dira. 2017tik 21 eskaera jaso dituzte, horietako sei, aurten.
EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu du izendapen berriek "mugimendu feminista" kontuan izan dezan, baina azkenean proposamena babestu du.
Osoko bilkurak, gainera, udal gobernuari eskatu dio herritarren parte-hartzea "etengabe errazteko".