Gizartea -

KORONABIRUSA

Erresonantziak egiteko gunea itxita Txagorritxun, COVID-19aren agerraldi bat dela eta

Osatek Osakidetzarentzat erresonantzia magnetikoak egiten dituen sozietate publikoko enpresa batzordeak segurtasun neurri gehiago eskatu ditu, COVID-19ari aurre egiteko.

Txagorritxu ospitalea. Artxiboko argazkia: EFE
Txagorritxu ospitalea
Txagorritxu ospitalea. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizen, Txagorritxu ospitaleko erresonantzia magnetikoak egiteko hiru guneak itxi dituzte, koronabirusaren agerraldi bat tarteko. Osatek sozietate publikoko enpresa batzordeak egin du salaketa eta COVID-19ari aurre egiteko segurtasun neurri gehiago eskatu ditu, langileak eta erabiltzaileak babesteko. Osatekek erresonantzia magnetikoak egiten ditu Osakidetzarentzat.

Ohar bateratu batean ELA eta LAB sindikatuek COVID-19aren aurkako "segurtasun neurrien gabezia" salatu dute Osateken. Ildo horretan, Txagorritxuko Osatek eremuan atzemandako agerraldian zenbat langile eta erabiltzaile kutsatu diren argitzeko aldarrikatu dute.

Sindikatuek azpimarratu dutenez, Osatekeko makinak Osakidetzako ospitaleetan eta anbulatorioetan daude eta "aspaldidanik" ari dira Osateken baitan "segurtasun falta" salatzen. "Gerentziaren aldetik jaso dugun erantzun bakarra produktibitatea langileen eta erabiltzaileen segurtasunaren aurretik jartzea izan da", kritikatu dute.

ELA eta LAB sindikatuen esanetan, Osatek "gutxieneko neurriak martxan jartzera mugatu da, Osakidetzan ezarritakoen azpitik". Gainera, babes neurriak hartzea galdegin dute, "arrisku taldeak bereziki babestuz".

Era berean, beren lana "segurtasunez" egiteko, Osatek sozietate publikoko zentroen garbitasuna handitzeko eta "aretoetako jende pilaketekin amaitzeko" beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak jartzeko eskatu dute.

"Era guztietako murrizketekin amaitzeko eskatzen dugu, gure lanaldiarekin hasita, gerentziak alde bakarretik murriztu baitu, jendeari eskainitako arreta murriztuz eta itxaron zerrendak handituz", nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Araba Eusko Langileen Alkartasuna LAB EAE albisteak Gaixotasunak albisteak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz Gaurko azken orduko albistea Osasunari buruzko albisteak Sindikatuen azken ordukoa Txagorritxu Ospitalea albisteak Koronabirus-agerraldiak