Gizartea -

Gertakaria

Bi pertsona atxilotu dituzte Bilbon, etxebizitza batean indarrez lapurtzeagatik

20 eta 25 urteko lapurrak etxeko ataritik sartzen saiatu dira, eta leiho bat indarrez ireki dute, bihurkin bat erabiliz. Poliziak atxilotu egin ditu.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 20 eta 25 urteko bi gizonezko atxilotu ditu Bilbon, Irala auzoan, etxebizitza batean indarra erabiliz lapurtzea egotzita.

Asteazken goizean, 11:00ak aldera, herritar batek Ertzaintzari deitu zion pertsona bat Kirikiño kaleko etxe batean balkoitik sartu zela jakinarazteko. Lekukoaren arabera, harekin omen zihoan beste bat eraikineko portalean sartu zen. Handik pixka batera, berriemaileak Ertzaintzari esan zionez, balkoitik sartu zen gizona kalera irten egin zen eta Irala kalerantz joan zen ihesi; bestea, berriz, portaletik atera, eta Zabala kaletik Flemming Doktorearen Plazara abiatu zen.

Informazio horretan oinarrituta, Ertzaintzaren hainbat patruila adierazitako lekura joan ziren. Etxebizitzara iritsitakoan, patruiletako batek sarrerako atea babesten zuen sarraila hautsita aurkitu zuen, baina ez zegoen guztiz irekita. Leihoetako baten sareta, ordea, apurtuta zegoen. Handik gutxira, gainerako agenteek Irala kalean aurkitu zuten susmagarrietako bat, 20 urtekoa, eta Lapurdi kalean aurkitu zuten bestea, 25ekoa.

Poliziaren arabera, agenteek bihurkin bat aurkitu zioten susmagarri gazteenari, pertsiana bortxatzeko erabilitakoa, antza. Beharrezko egiaztapenak egin ondoren, agenteek biak atxilotu, eta polizia-etxera eraman zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Bizkaia EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Espetxeen azken ordukoa Lapurretak albisteak Etxebizitza albisteak