Gizartea -
Desagertua
Pasaiako portuan uretara erori den arrantzalearen gorpua aurkitu dute
Goizaldean, bi pertsona arrantzan ari zirela, olatu batek uretara bota ditu. Batek irtetea lortu du, baina besteak ez. Ertzaintzaren helikopteroak aurkitu du gorpua 15:30 aldera.
Agentziak | Erredakzioa
Pasaiako portuan itsasora erori, eta gaur goizetik desagertuta zegoen arrantzalearen gorpua aurkitu dute larrialdi zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak esan duenez.
02:30ean izan da istripua. Bi pertsona Pasaiako portuan arrantza egiten ari zirela, arroketara jaitsi, eta olatu batek biak bota ditu uretara.
Gizonetako bat bere kabuz irten da urtetatik eta 112ra deitu du. Berehala hasi dira Itsasoko Laguntza zerbitzuak, Gurutze Gorriaren ontzi bat, Ertzaintzaren urpekariak eta mendi erreskate talde bat zein suhiltzaileak bilaketa lanetan.
Azkenean, 15:30 aldera gorpua ikusi dute Ertzaintzaren helikoptero batetik eta Gurutze Gorriko ontziak erreskatatu ondoren, Pasaiako portura eraman dute.