Gizartea -

Koronabirusa

Hego Euskal Herriko eguneko datuek beste errekor bat utzi dute: 2000tik gora positibo

Gora jarraitzen du kutsatze berrien kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoan, hirugarren egunez marka berri bat ezarrita: 1.502. Nafarroan 580 positibo berri atzeman dituzte eta bost pertsona hil dira.

Terraza bat, hutsik Nafarroan. Argazkia: EFE
Terraza bat, hutsik Nafarroan.
EAEko hiru lurraldeetan egin dute gora positiboek

1:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiralean 2.086 positibo zenbatu dira Hego Euskal Herrian, pandemiaren bigarren olatuan beste errekor bat. Oraindik ez dira nabaritzen azken astean Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan hartutako neurri murriztaile berriak.

EAEn, azken 24 orduetan erregistratutako kasuak 1.502 izan dira, beste maximo historiko bat koronabirusaren pandemian. Ostiralean 16.847 proba egin dira, PCR zein antigeno.

Lurraldeka, Bizkaia da positibo gehien izan dituena: 688. Gipuzkoan 596 kasu berri zenbatu dira. Positiboen 203 Araban izan dira.

Momentu honetan, 92 pertsona daude COVID-19arekin erkidegoko zaintza intentsiboko unitateetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehenean eguneratuko ditu udalerriei eta R0 indizeari buruzko datuak.

Zertxobait jaitsi da eguneko koronabirus positiboen kopurua Nafarroan, baina oraindik altua da kutsatzeen zenbakia, 600 kasutik gertu baitago.

Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, azken orduetan 580 kasu positibo erregistratu dira egindako 4.645 PCR probetan eta testetan. Positibititate-tasa % 12,5ekoa da beraz.

Ostegunean zenbatutako 637 kasuak baino gutxiago dira, baina horrek ez du arindu ospitaleetako egoera. 409 pertsona daude ospitaleetan, eta horietako 58 ZIUn. Presazkoak ez diren ebakuntzak atzeratzen hasi dira.

Asteburuan irekita daude Nafarroako osasun etxeak, erietxeek gainezka ez egiteko.

Asteburuan irekita daude Nafarroako osasun etxeak, erietxeek gainezka ez egiteko
Asteburuan irekita daude Nafarroako osasun etxeak, erietxeek gainezka ez egiteko
Asteburuan irekita daude Nafarroako osasun etxeak, erietxeek gainezka ez egiteko

0:34

Gainera, bost pertsona hil ziren atzo COVID-19arekin Nafarroan: 62, 66, 81 eta 82 urteko lau gizon eta 88 urteko emakume bat.

Guztira, 709 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik, eta 32.7551 pertsona kutsatu dira.

Zonaldeka, Iruñean eta eskualdean atzeman zituzten atzo positibo berrien % 60, Tutera aldean % 21, Lizarra aldean % 4 eta gainerako positiboak ( % 15) Nafarroako beste zonalde batzuetan izan ziren.

Adin-tarteen arabera, atzo positibo gehien atzeman zituzten tartea 45 eta 59 urte artekoena da (% 26). Ondoren, 15-29 urteko taldea (% 21), 30-44 urteko taldea (% 16), 60-75 urteko taldea eta 15 urtetik beherako taldea (% 15). Azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea izan zen positibo gutxien atzeman zirena (% 7).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Koronabirusa Alarma-egoeraren amaiera Osasunbidea