Gizartea -
ELA, LAB eta Kontseilua
50 langiletik gorako enpresetan euskararen erabilera eskatu dute eragile sozialek
EAEn, hamar enpresatik batek baino ez du euskararen erabilera normalizatzeko plan bat, eta Nafarroan, berriz, ehunekoa are baxuagoa da: % 0,7.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ELA eta LAB sindikatuek eta euskararen garapen osorako Kontseiluak lanbide arteko akordioetan 50 langiletik gorako enpresa guztietan euskara erabiltzeko planen negoziazioa hitzartzeko eskatu diete Euskadiko eta Nafarroako enpresariei.
Hala, hiru erakundeak Confebaski eta Nafarroako Enpresarien Konfederazioari (CEN) zuzendu zaizkie, eta bi erkidegoetako gobernuei eskatu diete neurri hori baliabide ekonomikoekin babesteko. Patronalekin ere batzartuko direla gaineratu dute.
"Gure egunerokotasunaren zati handi bat lanean ematen dugu, eta, beraz, gure hizkuntza-praktikak eta eskubideak baldintzatzen dituen eremua da, bai langile gisa, bai kontsumitzaile gisa", adierazi du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Bere hitzetan, COVID-19aren krisiak agerian utzi ditu "lehendik zeuden gabeziak", baita hizkuntzaren arloan ere.
"Berehalakotasunaren eta lehentasunaren izenean, euskaldunen hizkuntza-eskubideak kolpetik urratu eta baztertu dira", salatu du Bilbaok.
Bi euskal sindikatuek ere ideia hori jaso dute. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren ustez, "hizkuntza-eskubideak" ere langileen bermeen defentsaren parte dira. "Gure borroken ildo bat hizkuntzarena izan behar da, euskararena", esan du.
Bestalde, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak adierazi duenez, "lan-mundua euskalduntzeko, ezinbestekoa da erabaki ausartagoak hartzea", eta, bere ustez, erabaki horiek "neurri eraginkorragoak eta aurrera ateratzeko errazagoak" dira, "euskararen normalizazioak norberaren boluntarismoa gainditu behar duelako".
Sindikatuen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan hamar enpresatik batek baino ez du euskararen erabilera normalizatzeko plan bat; Nafarroan, berriz, euskara garatzeko prozesu edo egituraren bat duten lantegien ehunekoa are baxuagoa da: % 0,7.
Bestalde, Aranburuk Euskadiko eta Nafarroako langileen erdiak erretiroa hartzeko adinean egoteak ematen duen aukera ere baloratu du.
"Belaunaldi-aldaketa gertatuko da, eta aukera paregabea izango da esparru sozioekonomikoko euskalduntzea bultzatzeko", adierazi du. "Belaunaldi berri honen laneratze- prozesuaren" garrantziaz ohartarazi du, "gazteak euskalduntzeko hezkuntzan egindako ahalegin eta inbertsioak baliogabeak izan ez daitezen".