Gizartea -
IKERKETA
Meningitisaren aurkako txertoa bilatzeko ikerketa batean parte hartu du CIC bioGUNEk
Ikerketa GlycoVAX proiektuaren baitan egin dute, EBk finantzatuta, eta meningitisaren aurkako txerto eta terapia berritzaile eta hobetuen diseinu arrazionalerako oinarriak finkatu ditu.
AGENTZIAK
CIC bioGUNE ikerketa biomedikorako zentroak meningitis meningokozikoa (munduko erikortasun-kausa nagusienetariko bat mundu osoan) geldiarazteko erabiltzen diren txertoen ekintza-mekanismoa xehetasunez aztertzeko ikerketa bat egin du.
Lanak Men A motako txertoen ekintza-mekanismoa ezagutarazi du, eta bakterio horren aurkako txerto eta terapia berritzaile eta hobetuen diseinu arrazionalerako oinarriak ezarri ditu.
Ikerketa horri esker, antigorputz monoklonal bakterizida bati eraginkortasunez lotzen zaion polisakaridoaren (epitopoa) gutxieneko zatia ondorioztatzea lortu dute, gaur egungo txertoak erabiliz. Zehazki, loturako epitopoak hiru sakarido unitate dituela eta azetato taldeak egotea ezinbestekoa dela frogatu dute. Aurkikuntza honek txerto berriak diseinatzeko bide berriak irekitzen ditu, txerto berriaren hezurdura bezala hiru unitateko gutxieneko zatia erabiliz.
Ikerketa Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademiaren aldizkarian argitaratu dute, eta Europar Batasunak finantzatutako GlycoVAX proiektuaren esparruan gauzatu dute. CIC bioGUNErekin batera, GSK Vaccines Sienako Institutua eta Joao Lobo Antunes Medikuntza Molekularreko Lisboako Institutua aritu dira horretan lanean.