Gizartea -
Operazioa
Etxean 77 su-arma zituen gizon bat atxilotu dute Bilbon
Hamar miaketa egin eta lau pertsona atxilotu dituzte guztira, Internet bidezko armen saltoki ilegal handiena desegin ostean. Gainera, beste bi pertsona ari dira ikertzen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibilak Internet bidezko munizio saltoki ilegal handiena desegin du. Operazioan, lau pertsona atxilotu dituzte; horietako bat, Bilbon. Haren etxean 77 su-arma aurkitu dituzte.
Gainera, azken urteetan 36.000 kartutxo saldu dituen beste gizon bat ere atxilotu dute. Hain zuzen ere, salerosketa atarietan eta foroetan saldu zituen kartutxo horiek.
Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak jakitera eman duenez, Bizkaian, Madrilen, Pontevedran, Zaragozan, Lleidan eta Bartzelonan egin dituzte miaketak. Gainera, oraindik ere beste bi pertsona ikertzen dabiltza.
2018an hasi zuten ikerketa. Urte horretan, atxilotutako gizonetako batek, Golalde operazoaren baitan, Asturiasen armak saldu zituela jakin zuen Guardia Zibilak.
Geroago, ikertzaileek beste hiru pertsona atxilotu zituzten. Esan bezala, Bilbon harrapatu duten gizonaren etxean 77 su-arma zeuden.
Guardia Zibilaren arabera, operazio honi esker konfiskatutako munizioa eta armak ekintza biolentoetan ez erabiltzea eta horiek merkatu beltzera ez bideratzea lortu dute.
Guztira, 100 arma labur (pistolak eta errebolberrak), 33 arma luze, kalibre ezberdinetako 18.196 kartutxo, 75 kilo jaurtigai, 33 zorro, 2,5 kilo bolbora eta munizio metalikoa ekoizteko 11.050 pistoi atzeman dituzte.