Gizartea -

NAFARROA

Bi artilleria-jaurtigai aurkitu dituzte Azkoienen eta Castejonen

Guardia Zibilak leku seguru batean suntsitu ditu lehergailuak.

Azkoienen eta Castejonen aurkitutako bi artilleria-jaurtigai suntsitu dituzte

0:18

AgenTZIAK | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azkoiengo eta Castejongo bi herritarrek aurkitu dituzte artilleria-jaurtigai biak, beren lursailak lantzen ari zirela. Nafarroako Guardia Zibilaren arabera, jaurtigaiek 80 urte inguru zituzten, eta nahiko herdoilduta zeuden; horrek arriskua areagotzen du, oker erabiliz gero.

Kasu bietan, herritarrak izan dira Guardia Zibilari deitu eta aurkikuntzaren berri eman diotenak. Deitu eta berehala aktibatu dute lehergailuak aurkituz gero martxan jarri ohi duten protokoloa. Guardia Zibilaren Herritarren Segurtasun Saileko kideak berehala bertaratu dira aipatutako tokietara, eta segurtasun-perimetroa ezarri dute kalte pertsonalak ekiditeko.

Aurkikuntzak baieztatutakoan, Guardia Zibilak leku seguru batean leherrarazi ditu jaurtigaiak, kalte pertsonalak edota materialak eragitea saihesteko.

Lehergailuak Indargabetzeko Unitate Bereziak adierazi duenez, Azkoiengo lehergailua 105 mm-ko kalibrea duen artilleria-jaurtigaia da eta Castejonen aurkitutakoa, berriz, 75 mm-koa.

Aurkikuntza horiei buruz mintzatuz, Guardia Zibilak ohartarazi du debekaturik dagoela lehergailuak edukitzea, salerosketan ibiltzea edota bilduma gisa gordetzea.

Zaharrak eta herdoilduak egoteak ez du kaltegabeak direnik esan nahi, material leherkorra izan baitezakete barruan. Hortaz, Guardia Zibilak adierazi duenaren arabera, ez da komeni inolaz ere manipulatzea, eta horrelako bat aurkituz gero, 062 telefonora deitzea edota ALERTCOPS aplikazioaren bidez kontaktuan jartzea komeni da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Azkoien