Gizartea -

Koronabirusa

EAEk 1.400 positibo baino gehiago atzeman ditu berriro eta Nafarroak 200 inguru

Asteazkenean, 16.338 eta 3.918 proba egin zituzten. Positibotasun tasa Euskadin % 8,6ra igo da, eta Nafarroan, berriz, % 5,9ra jaitsi da.

Nafarroako Klinika Unibertsitateko bi ZIU gela. Argazkia: EFE
Nafarroako Klinika Unibertsitateko bi ZIU gela
Bezperan baino lagun bat gutxiago ZIUan, eta erietxeratze gutxiago

1:14

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19aren pandemiak kutsatze-erritmo altua baina egonkorra mantentzen du Euskadin, 1.409 azken orduetan, baina ospitaleetako asistentzia-presioa arindu egin da apur bat, bigarren egunez jarraian murriztu egin baita ospitaleratutako pertsonen kopurua.

Asteazken honetan 16.338 proba diagnostiko egin zituzten Euskadin, eta 1.409 pertsonak eman zuten positibo, aurreko egunean baino 8 gehiagok; hau da, % 8,6ko positibotasun tasa izan zen, bezperako % 7,8a baino handiagoa.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, 132 pertsona (bat gutxiago) daude zainketa intentsiboetako unitateetan. 73 ospitaleratze berri izan dira, aurreko egunean 90 izan ziren eta guztira 496 pertsona daude gela arruntetan koronabirusa dela eta.

Hamalau eguneko intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 845,1 kasukoa da Euskadin, eta aurreko egunean, berriz, 836,7koa. Araban egonkortu egin da, azken orduetako 126 kutsatzeekin 551,5 kasu pilatu baitira, eta Gipuzkoan, berriz, beste 601 kutsatze eta 1.106,5eko tasa.

Bizkaian beste 663 kutsatu gehitu dira, eta horrek 747,6ra igo du tasa metatua, astearteko 735,5ekoa baino handiagoa.

Gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duen oinarrizko ugalketa-indizeak behera egiten jarraitzen du Euskadin, 1.03ra arte.

66 udalerri daude aurreko egunean bezala 100.000 biztanleko pilatutako 500 kasuen gainetik: 3 Araban, 29 Bizkaian eta 34 Gipuzkoan.

Adinaren arabera, Euskadin 1.409 kasu berrietatik 603, 40 eta 64 urte bitartekoen artean daude, eta 306, 19 eta 39 urte bitartekoen artean. 18 urtera arteko biztanleen artean 240 kasu daude, eta 65 urtetik gorakoen artean 260 kutsatze (horietatik 110, 80 urtetik gorakoen artean).

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatu handiena 19 eta 39 urte bitarteko biztanleei dagokie (944,67), eta txikiena, berriz, 65 eta 79 urte bitarteko biztanleei (665,23).

Lau hildako Gipuzkoako eta Bizkaiko zahar-etxeetan

Bestalde, azken orduetan bi adineko hil dira eta beste 17k positibo eman dute Gipuzkoako egoitzetan. Gainera, hamaika pertsona sendatu dira.

Foru Aldundiak azaldu duenez, heriotzak Donostiako Txara II eta Zorroaga erresidentzietan izan dira. Positiboak, berriz, Errenteriako Jesusen Bihotza eta Donostiako Hermano Garate-San Ignacio eta Zorroaga egoitzetan detektatu dituzte.  

Pandemiaren bigarren olatuan 131 adinekok gainditu dute koronabirusa eta 54 zendu dira Gipuzkoan.  

Bizkaiko erresidentziatan ere beste bi adineko hil dira azken orduetan koronabirusarekin. Pandemiaren bigarren olatuak 87 heriotza izan dira.

Guztira, 123 egoiliar daude koronabirusarekin, duela bi egun baino zazpi gutxiago, Foru Aldundiak gaur jakinarazi duenez.

Asteazkeneko datuak aintzat hartuta, positibo eman duten adinekoetatik 52 erresidentziatan daude eta 17 ospitaleetan. Azken orduetan hamar adineko sendatu dira.

Koronabirusak ikastetxeetan duen eraginari dagokionez, gaur egun 164 ikasgela daude itxita (atzo baino 1 gehiago) pandemiaren eraginagatik; hau da, Euskadiko eskola guztien % 0,93, 2 urtetik hasi eta derrigorrezko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzara arte.

Pandemiaren eraginpean dauden ikastetxeak 113 dira, hau da, aurrekoan baino bat gutxiago, eta batek ere ez du aurrez aurreko jarduera osorik etenda.

Positiboen tasa, egonkor Nafarroan

Bestalde, COVID-19ko kasu berrien maila egonkor mantentzen ari da Nafarroan. Asteazkenean, 234 positibo berri atzeman dira 3.918 proba eginda, Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak emandako datuen arabera.

Azken bost eguneko joerari eutsi dio, beraz, Foru Erkidegoak. Izan ere, 200 kasuren bueltan ibili da eguneko datua. Are, positibotasun tasak beherantz egiten jarraitzen du, eta azken orduetan % 6an kokatu da.

Ikuspegi epidemiologikotik, pandemiaren bilakaerari dagokionez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du atzo gaixotasun horrekin lotutako 13 ospitaleratze berri izan zirela Foru Erkidegoan, hiru zainketa intentsiboetako unitateetan, eta hiru heriotza izan direla, 86 eta 97 urteko bi emakume eta 87 urteko gizon bat. Halaber, aurreko egunetan jakinarazi ez ziren bost heriotza gehiago izan direla azaldu dute, 75 eta 94 urte arteko hiru gizon eta bi emakume. Koronabirusaren ondorioz, guztira 785 pertsona hil dira.

Iruñean eta Eskualdean positiboen % 47 erregistratu dituzte; Tuteran, kasuen % 22; eta Lizarran, kasuen % 8. Gainerako positiboak (% 23) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.

Kutsatze gehien dituzten herri eta guneei dagokienez, Murchante ageri da zerrendaren goialdean, 15 positiborekin. Ondoren daude Zizur Nagusia, 12rekin, eta Tutera Ekialdea eta Bera, 10na kasurekin. Aipatzekoa da kasuek beherantz egin dutela orain arte bereziki zigortutako Iruñeko auzoetan, hala nola Txantrean, Arrotxapean edo Donibanen.

Erregistratutako kasuen adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, talde gehienak 45 eta 59 urte artekoak dira, kasuen % 22, eta ondoren 30 eta 44 urte artekoak, % 20. Jarraian, 15 eta 29 urte bitarteko taldea dago (% 18), 15 urtetik beherakoena (% 15), 75 urtetik gorakoena (% 14) eta, azkenik, 60 eta 75 urte bitartekoena (% 11). Kasu berrien batez besteko adina 43,2 urtekoa da.

Generoari dagokionez, kasuen % 56 emakumeak dira eta % 44 gizonak.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak (SNS-O) jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 330 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 17 gutxiago), horietatik 65 zainketa intentsiboetako postuetan daude (atzo baino lau gutxiago) eta beste 49 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bost gutxiago). Gainerakoak, 216 paziente, gela arruntentan daude.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua 37.012 da Nafarroan.

Guztira 124 ikasle nafar konfinatu dituzte azken 24 orduetan. Horiekin, 1.826 ikasle daude COVID-19aren ondoriozko berrogeialdi prebentiboan. Nafarroako sare publiko eta itunduetako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztien % 2,94 dira.

Taldeka, 98 gela konfinatu daude 61 ikastetxetan, eta konfinatu daitezkeen bizikidetza-talde egonkorren % 2,81 osatzen dute. Beste 87 ikasle eskola presentzialetara itzuli dira azken hogeita lau orduetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Viana Burlata Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuntza albisteak Medikuak Koronabirusa Alarma egoera Osasunbidea