Gizartea -
Koronabirusa
Legebiltzarrak aurrez aurreko osasun arreta berreskuratzeko neurriak eskatu ditu
EAJk eta PSE-EEk EH Bilduren mozio bati egindako osoko zuzenketan Eusko Jaurlaritzari egindako eskaeretako bat da hori.
agencias | redacción
Eusko Legebiltzarrak Osakidetzan orokorrean eta lehen mailako arretan bereziki aurrez aurreko arreta berreskuratzeko neurriak martxan jar ditzala eskatu dio Jaurlaritzari, profesionalen eta gaixoen segurtasuna bermatuz, eta COVID-19aren "presioa" jaisten denean betiere.
EAJk eta PSE-EEk EH Bilduren mozio bati egindako osoko zuzenketan Eusko Jaurlaritzari egindako eskaeretako bat da hori. Oposizioko alderdi guztiak abstenitu egin dira zuzenketa horren aurrean.
EAJren eta PSE-EEren gehiengo osoak bideratutako testu horren bitartez, egungo pandemia egoeran behar diren ekintza guztiak aurrera eramaten jarraitzeko eskatzen zaio Iñigo Urkulluren gobernuari, tartean lehen mailako arretako zentroen berrantolaketa dinamikari eustea, egoera aldakorrari egokitzeko.
Era berean, Osasun Sailari lehen mailako arretako erizain zerbitzua eta zaintza sarea langile eta baliabide gehiagorekin indartzen jarraitzeko deia egiten zaio.
Bestalde, EH Bilduk zuzenketa bat adostu du Elkarrekin Podemos-IUrekin, baina, PP+Cs-ena bezalaxe, ez da aurrera atera. Bi koalizioek sinatutakoan osasun alorrekoak ez diren aztarnariak kontratatzea eta lehen mailako arreta normaltzeko pausoak ematea eskatu dute.
PP+Cs-ek sartutako zuzenketan Eusko Jaurlaritzak lehen mailako arretarako ezarritako estrategia berrikustea proposatu dute, langile gehiago hartzeko, besteak beste.
Rebeka Uberak (EH Bildu) berretsi du osasun arretaren kalitatea "desagertzen" ari dela. "Lehen mailako arretaren egoera larria zen pandemiaren aurretik, lehenengo olatuan gainezka egin zuen, eta orain kolapsatuta dago", kritikatu du Uberak, eta Osasun Sailari egotzi dio "ospitaleak beteta daudenean soilik kezkatzen" dela. Bestalde, koalizioa EAJrekin eta PSE-EErekin adostasunera iristen saiatu dela, baina "ezinezkoa" izan dela aipatu du.
Jon Hernandezek (Elkarrekin Podemos-IU) nabarmendu du bere koalizioari ez diola ardura "kolapso, gainkarga edo nola deitu". "Garrantzitsuena da lehen arretak ezin dituela aurrez aurreko hitzordu guztiak bete. Koronabirusaren lehen olatua bukatu zenean, sistema horretarako prestatu izan balitz, ez litzateke beharrezkoa izango ebakuntzak atzeratzen ibiltzea", esan du.
PP+Cs koalizioko ordezkari Laura Garridok ere pandemia baino lehenagotik zetozen arazoak izan ditu hizpide, eta defendatu du horiei erantzun bat eman beharra dagoela. Aztarnariek lan gutxiago izan dezaten, haien egitekoak berrantolatzeko premiaz ere hitz egin du, Armadak behar hori egin dezakeela iritzita.
Bestalde, EAJko Luis Javier Telleriak EH Bilduri eskatu dio kontsekuentea izateko. "2019ra arte ezinezkoa zen Madrilera joatea, eta orain haiekin itunak hitzartzen dituzue eta onenak dira. Euskadira etorri behar diren barne mediku egoiliarrei buruz ere haiekin hitz egin dezakezue", proposatu dio Telleriak. Halaber, EH Bilduren jarrera "arduragabea" dela azpimarratu du: "Herritarrei helarazi diezue osasun zerbitzua lagun-talde batek kudeatzen duela":
Amaitzeko, Ekain Rico sozialista atsekabetuta agertu da akordio faltagatik, eta onartu du gaur egungo osasun arreta ez dela herritarrentzako egokiena. Hala eta guztiz ere, gaixoen eta profesionalen osasuna bermatzea jarri du lehentasun gisa.