Gizartea -

GAIXOTASUNAK

Begietako diabetesa da helduen itsutasunaren kausa nagusia

Diabetesa gaixotasun kroniko oso ohikoa da, 18 urtetik gorako EAEko biztanleen % 10,6k II motako diabetesa du. Diabetikoen % 25ek begietako diabetesa du.

Begia. Argazkia: Oftalmologiako Institutu Kliniko Kirurgikoa
Begia.
Begia. Argazkia: Oftalmologiako Institutu Kliniko Kirurgikoa

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diabetikoen % 25ek begietako diabetesa garatzen dute, 20 eta 64 urte bitarteko helduen artean ikusmen-urritasuna eta itsutasuna eragiten duen kausa nagusia. Diabetesaren Munduko Eguna dela eta, Oftalmologiako Institutu Kliniko Kirurgikoak begi-diabetesa edo erretinopatia diabetikoa zertan datzan azaldu du. EAEko biztanleen % 10,6k II motako diabetesa dute.

Erretinopatia diabetikoa duten pazienteak itsu geratzeko probabilitatea gainerako biztanleena baino 25 aldiz handiagoa da. Odoleko azukre-maila denbora luzez oso handia denean, erretina elikatzen duten odol-hodi txikiak kaltetu ahal dira, erretina askatzeraino.

Gaixotasun honen arazo nagusietako bat da ez duela sintomarik eragiten. Paziente gehienek ez dute sintomarik izaten gaixotasunaren gradu aurreratuetan izan arte. Orduan, ikusmen-zorroztasuna gal dezakete (bat-batean edo apurka-apurka), koloreen pertzepzioaren nahasmenduak edo gaueko ikusmenaren alterazioak izan ditzakete. Araiz doktoreak, Oftalmologiako Institutu Kliniko Kirurgikoko zuzendari zientifikoak, ohartarazi duenez, gaixotasuna puntu horretara iristen denean atzeraezina izan daiteke, eta, horregatik, tratamendurik onena prebentzioa dela azpimarratu du.

Begietako diabeteserako gaur egungo tratamenduak oso eraginkorrak dira; kasuen % 90ean itsutasuna saihesten dute eta begietako gaixotasunaren garapena geldiarazten laguntzen dute. Hala eta guztiz ere, askotan ez dute lortzen eragindako kaltea arintzea. Horregatik da hain garrantzitsua prebentzioa.

Adituaren esanetan, "obesitatea, tabakismoa eta sedentarismoa saihestu behar dira", erretinopatia diabetikoan eragin negatiboa dutelako, eta aldizkako kontrol oftalmologikoak egin behar dira, horren zantzuak antzeman ahal izateko. Era berean, odoleko azukre mailaren kontrol zorrotza egitea eta tentsio arteriala, kolesterola eta triglizeridoak esaterako kontrolatzea gomendatu du.

Diabetesa

Diabetesa gaixotasun kroniko oso ohikoa da, 18 urtetik gorako EAEko biztanleen % 10,6k II motako diabetesa dute. Diabetesaren kausak oso konplexuak diren arren, gaixotasuna oso lotuta dago gehiegizko pisuarekin edo obesitatearekin eta jarduera fisikorik ezarekin.

Aurten gaixotasunari beste faktore bat gehitu zaio. Diabetikoek COVID-19a hartzeko aukera gehiago ez duten arren, litekeena da konplikazio larriak izatea kutsatuz gero. Koronabirusaren ondorioz hiltzeko arriskua % 50 handiagoa da gaixo horientzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Koronabirusa