Gizartea -
Tindufen
Saharar Gobernuak Al Kaidari leporatu dio boluntarioen bahiketa
Enric Gonyalons eta Ainhoa Fernandez del Rincon boluntario espainiarrak eta Rosella Urru italiarra, "zantzu guztien arabera", Magrebeko Al Kaidaren esku daudela adierazi du.
Erredakzioa
Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuan bahitutako hiru boluntarioak, bi espainiar eta italiar bat, Al Kaidaren esku daude Saharar Gobernuaren iritziz.
Mohamed Salem Uld Saharako Atzerri Gaietako ministroak adierazi duenez, Magrebeko Al Kaidari leporatu dio bahiketa. "Orain arte jasotako proben arabera, Al Kaida dago bi espainiarren eta italiarraren bahiketaren atzean", esan du Saharar Gobernuko diplomazia buruak.
Enric Gonyalons eta Ainhoa Fernandez de Rincon boluntario espainiarrak eta Rosella Urru italiarra joan den larunbatean bahitu zituzten Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuan, armatutako hainbat gizonek.
Saharar Gobernuak bahitzaileak Malitik heldu zirela adierazi zuen, baina orain arte ez zuten bahitzaileak zein erakundetakoak izan zitezkeen azaldu.
Ministroak adierazi duenez, boluntarioak eta bahitzaileak aurkitzeko bilaketa lanek aurrera jarraitzen dute "inguruko lurraldeekin elkarlanean". El Khabar egunkariak dioenez, Aljeriako indar armatuek oraindik identifikatzeke dauden lau pertsona hil zituzten joan den astelehenean, antza, bahitzeileen konplizeak ziren.
Bahiketaren albistea jaso bezain pronto Aljeriako Armadako hainbat taldek Ued Auduine inguruan miaketa zorrotza egin zuten eta antza, Malira ihesi zihoazen lur orotarako bi ibilgailu ikusi zituzten.
Bi ibilgailuak suntsitu egin zituzten eta, ondorioz, bertan zihoazen lau pertsonal hil ziren. Egunkariak azaldu duenez, lau pertsona horien egitekoa bahitzaileei bidea erakustea zen.