Gizartea -

Koronabirusa

COVID-19aren zabalpena moteltzen ari da Hego Euskal Herrian

143 kasurekin, hainbat hilabetetako kopururik txikiena da gaurkoa Nafarroan. EAEn, 1.009 kasu izan dira. Hala ere, 3 pertsona hil ziren atzo COVIDarekin Nafarroan eta bi Gipuzkoako zahar egoitzetan.

PCR probako makilatxoa. Argazkia: EFE
PCR probako makilatxoa.
Azken bi asteetako positibo tasarik baxuena

1:3

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo 13.077 proba diagnostiko egin ziren (PCR eta antigenoen artean) Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 1.009 positiboak izan ziren ( % 7,7), Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak igande honetan jakitera eman duenez.

Lurraldeka, 116 kasu berri atzeman ziren Araban, 453 Bizkaian, 431 Gipuzkoan eta 9 beste autonomia-erkidego batzuetako pertsonengan.

Ospitaleen egoerari dagokionez, 50 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVID-19agatik (bezperan 86 izan ziren), eta ZIUetan 146 pertsona daude gaur egun, bezperako kopuru bera.

Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, ospitaleratzeen datuak behin-behinekoak dira eta bihar zehaztuko dituzte erabat. Gainera, udalerriei buruzko informazioa eta R0 indizea ere bihar eguneratuko dira.

Bestalde, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan bi hildako eta hamar positibo berri izan dira asteburuan COVID-19aren ondorioz, eta 24 pertsonak gainditu dute gaixotasuna zentro horietan.

Gaur egun, 193 adineko daude positibo aktibo gisa, foru webguneko datuen arabera. Pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik, 57 adineko hil dira eta 160k gainditu dute gaixotasuna.

Bestalde, azken egunetan koronabirus kasu berriak behera egiten ari dira Nafarroan, eta atzo, larunbata, 143 kasu berri atzeman zituzten. Hala, zazpigarren eguna da, jarraian, 250 kutsatzetik behera atzematen dituztela, eta bigarren eguna astebetean, 150 kasutik behera dagoela kopurua.

Nafarroako Osasun Zerbitzuak eman dituen datuen arabera, 144 kasu horiek (hainbat hilabetetako kopururik txikiena) % 8,2ko positibotasun tasa izan dute, 1.743 proba (1.478 PCR eta 265 antigeno test) eginda larunbat honetan.

Gainera, hiru pertsona hil ziren, 66 eta 77 urteko bi gizon eta 93 urteko emakume bat. Beraz, COVID-19ak eragindako heriotzen kopurua, pandemia hasi zenetik, 794koa da.

Zonaldeka, Iruñean eta eskualdean atzeman zituzten positibo berrien % 47, Lizarraldean % 17 eta Tuteraldean % 13. Gainerako positiboak ( % 23) Nafarroako beste eremu batzuetan atzeman zituzten.

Adin-tarteen arabera, 45 eta 59 urte bitartekoen taldea izan zen nagusi atzo, % 23rekin, eta, ondoren, 30 eta 44 urte bitartekoena, % 22rekin. Jarraian, 15 urtetik beherakoena dago ( % 20), ondoren 15 eta 29 urte bitartekoak ( % 14) eta 75 urtetik gorakoak ( % 13). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea dago, % 8rekin.

Kasu berrien batez besteko adina 48,8 urtekoa da.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 335 pertsona ospitaleratuta daude COVID-19arekin (atzo baino 18 gehiago), horietatik 58 ZIUn daude (atzo baino bi gutxiago) eta beste 44 etxean ospitaleratuta. Gainerakoak, 233 paziente, plantan daude.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Viana Burlata Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuntza albisteak Medikuak Koronabirusa Alarma egoera Osasunbidea