Gizartea -
CISaren azken datuak
Langabezia herritarren kezka nagusiena da oraindik
Espainiako Ikerketa Soziologikoetako Zentroaren azken inkestaren arabera, herritarren % 86ren ustez, egoera ekonomikoa "txarra" edo "oso txarra" da. Terrorismoarekiko kezkak maila baxuenean kokatu da.
Erredakzioa
Espainiako Ikerketa Soziologikoetako Zentroak zabaldutako urriko inkestaren arabera, langabeziarekiko eta ekonomiarekiko kezkak gora egin du herritarren artean. Gainera, osasunekiko eta hezkuntzarekiko kezka bere horretan mantentzen da. Terrorismoarekiko kezkak, berriz, behera egin du eta maila baxuenean kokatu da.
Asteazken honetan kaleratutako inkesta hauteskunde orokorreko aurre-kanpaina hasi baino lehen (urriaren 1etik 9ra arte) Estatuko 238 udalerrietan egindako 2.472 elkarrizketetan oinarrituta dago,
Herrialdeko egoera ekonomikoari buruz galdetuta, inkestatuen % 86k "txarra" edo "oso txarra" dela uste du. Inkestatuen % 1,4k "ona" dela uste du eta inork ez du "oso ona" ikusten. Jose Luis Rodriguez Zapateroren agintaldiaren emaitza txarrena da.
Egoera politikoari dagokionez, herritarren % 73,6ren ustetan, "txarra" edo "oso txarra" da. Inkestatuen % 37,9ren aburuz, duela urtebete baino okerragoa da eta lau inkestatutik batek 2012 okerragoa izango dela uste du.
Terrorismoa, ordea, herrialdeko arazorik nagusiena izan da azken urteotan. Oraingo inkestan, berriz, maila baxuenean geratu da, inkestatuen % 3,3k bakarrik hura aipatu duelako. ETAren iragarpenaren aurrekoa dira emaitza hauek.