Gizartea -
DROGAK
Kalamu elkarte bateko administratzaileak eta langileak atxilotu dituzte Eibarren
Alboko lokal bat erabiltzen zuten droga gordetzeko eta, ia hiru kilo kalamu aurkitu ditu poliziak paketetan bilduta, saltzeko prest.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzaren arabera, Donostiako Polizia Judizialeko Probintzia Brigadak Eibarko kalamu elkarte bateko lehendakaria, diruzaina eta bi langile atxilotu ditu Donostian, ustezko droga-trafikoa egotzita.
Atxilotuek elkartearen egoitzaren alboko lokal bat erabiltzen zuten droga gordetzeko, polizia agertuz gero droga kopuru handirik ez antzemateko. Ia hiru kilo kalamu aurkitu zituzten bertan paketetan bilduta, banatzeko prest.
Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak gogorarazi duenez, irailean Probintzia Brigadak beste elkarte bateko buruak atxilotu zituen Donostian.
Kasu honetan, iazko urrian hasi zen ikerketa, bizilagunen salaketa anonimo baten bidez jakin ondoren, lokal horretan substantzia estupefazienteekin trafikatzen ari zirela.
Beharrezko eginbideak eginda, ikerlariek baieztatu egin zuten salatutakoa egia zela, eta lokalera jende asko joaten zela egiaztatu zuten, egunean 20 bat pertsona bertaratzen baitziren.
Horrez gain, iturri ofizialen arabera, polizia konturatu zen bezero bat lokalera sartzen zen bakoitzean atxilotuetako bat ondoko lokalera joaten zela, handik gutxira bueltatzeko.
Miaketa
Behin baimen judiziala lortuta, azaroaren 5ean miatu zituzten lokalak. Bertan, ia hiru kilo kalamu aurkitu zituzten paketetan bilduta, saltzeko prest, eta 720 gramo haxix eta 465 euro ere aurkitu zituzten.
Ondorioz, administratzaileak (38 eta 39 urteko bi gizon) eta langileak (30 eta 43 urteko bi emakume) atxilotu dituzte. Poliziaren ikerketak behin bukatuta Guardiako Instrukzio Epaitegiaren esku utzi dituzte jada.