Gizartea -

Droga-trafikoa

Autoan 35 kilo kalamu zeramatzan gizon bat atxilotu dute Nafarroan

Ibilgailuaren atzealdeko eserlekuetan ezkutaturik aurkitu dute droga agenteek, 70 paketetan banatuta. Droga-trafiko delitua egotzi diote gidariari.

35 kilo kalamu antzeman dituzte guztira, kilo erdiko 70 paketetan bilduta. Argazkia: Guardia Zibila.
Kilo erdiko 70 paketetan bildutako kalamua
35 kilo kalamu antzeman dituzte guztira, kilo erdiko 70 paketetan bilduta. Argazkia: Guardia Zibila.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Guardia Zibilak gizonezko bat atxilotu du N121 errepidean, gidatzen zihoan autoan 35 kilo kalamu aurkitu ondoren. Osasun publikoaren aurkako delitua egotzi diote ustez droga-trafikoan aritzeagatik.

Guardia Zibilaren USECIC Herritarren Segurtasunerako Unitateko agenteek aire-freskagarri usaina zerion auto bat geldiarazi zuten, prebentziozko kontrol bat egiten ari zirela. Gidariari nora zihoan galdetu ziotenean urduri jarri zen, eta horrek agenteen susmo txarra piztu zuen. Horren aurrean, autoa aztertzeari ekin zioten, eta aire-freskagarriak kalamu usaina estaltzen zuela konturatu ziren. Ondorioz, autoa sakon miatzeari ekin zioten.

Horretan ari zirela, droga aurkitu zuten atzealdeko eserlekuen azpian zegoen zulo ezkutu batean: 35 kilo kalamu guztira, kilo erdiko 70 paketetan bilduta.

Aurkikuntza hori egin ostean, Guardia Zibilak gidaria atxilotu zuen, eta gizonezkoak Beran (Nafarroa) duen etxea miatzeari ekin zion, 2. zenbakiko Instrukzio Epaitegiaren baimena jasotakoan. Bertan, 50.000 euro aurkitu zituzten eskudirutan, eta atxilotuak ezin izan zuen justifikatu diru horren jatorria.

Atxilotua epailearen esku utzi dute, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat (droga-trafikoa) egotzita. Osotara, saltzeko prest zeuden 35 kilo kalamu, material informatikoa, auto bat eta 50.000 euro eskudirutan atzeman dizkiote gizonezkoari.

Nafarroako Guardia Zibilaren Polizia Judizialaren Unitate Organikoak (UOPJ) ikerketa zabalik du oraindik, atzemandako drogaren jatorria argitzeko helburuarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Delituak Drogak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak