Gizartea -

Fiskaltzaren aurrean

Bizkaiko egoitzetan arduragabekeriak, engainuak eta gardentasun falta salatu dituzte

Bizkaiko egoitzetako adinekoen senideek COVID-19 pandemiaren lehen olatuko 19 kasu konkretu aurkeztu dituzte Lurralde Fiskaltzaren aurrean.

Bizkaiko adinekoen egoitzetako senideak. Argazkia: EFE
Bizkaiko adinekoen egoitzetako senideak. Argazkia: EFE
Bizkaiko adinekoen egoitzetako senideak. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gardentasun falta, kudeaketan zabarkeria eta senideen osasun egoeraren inguruko iruzurrak salatu dituzte Bizkaiko egoitzetako adinekoen senitartekoek Lurralde Fiskaltzaren aurrean. Konkretuki, COVID-19 pandemiaren lehen olatuko 19 kasu zehatz zerrendatu dituzte.

Adinekoen solairu aldaketak, birusa zabaltzea erraztuz, langileen mugimenduak “zonalde zikinetik garbira”, “oso bisita gutxi” eta isolamendu baldintza gogorrak, “irrati triste bat gabe”, adibide bezala jarri ditu Babestu elkarteak txosten batean. Dossierra Fiskaltzaren aurrean aurkeztu du elkarteak, egoitza batzuetan arduragabekeriarik izan ote den ikertzeko eskatuz.

Dokumentua entregatu baino lehen, Babestuko ordezkariek elkarretaratzea egin dute Ministerio Fiskalaren egoitza aurrean, Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren zein Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatzeko, protokolo eta ikuskaritza faltan erantzukizunik onartzen ez dutelako. Egoitzetako adinekoen eta langileen baldintzak kontuan hartzen ez dituztela kritikatu du elkarteak.

“Adineko batzuen egoera negargarria da, azazkal eta bizar luzeekin eta aho zikinekin. Aldundiak ikuskaritzak egiten al ditu? Adinekoak nola dauden ez dute ikusten?”, galdetu du Juani Cespedes Babestu elkarteko presidenteak.

Bizkaiko egoitzetako adinekoen senideak Bilbon. Argazkia: EFE

Bizkaiko egoitzetako adinekoen senideak Bilbon. Argazkia: EFE

“Egoera Aldundiaren aurrean salatu, eta hark egoitzari beti arrazoia ematea lotsagarria da. Zergatik egoitzak hainbeste babestu?”, aurpegiratu du Cespedesek. Adinekoak babestea eskatu du ordezkariak, “desagertzen ari direlako”, deitoratu duenez. Aldi berean, Jaurlaritza kritikatu du, “adinekoak ratioekin setiatu dituelako”.

Egoitza pribatuen kontrol handiagoa eskatu du Babestuk, PCR proba gehiago, FFP2 maskarak eta elkarbizitza talde txikiagoak, “ezinbestekoak baitira birusari eusteko”, eta isolamendu kasuetan, “egonaldi duina” bermatzea ere.

Azkenik, adinekoek senideen bisita gehiago jaso ahal izatea eskatu du Babestuk, eta kalera gehiagotan atera ahal izatea, “kognitiboki oso gaizki daudelako”. Posible baldin bada irteerak senideekin batera egitea eskatu du Cespedesek.

“Eskuak ukitzeko baimenik ere ematen ez duten egoitzak daude, nahiz eta eskuetako gela bertan izan”, nabarmendu du Cespedesek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gaixotasunak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa