Gizartea -

'LGTBIfobia'

Gazte trans iruindar batek eraso transfobo bat salatu du Bartzelonan

19 urteko gazteari eraso egin eta irainak oihukatu zizkioten bere etxetik gertu, Kataluniako hiriburuan. Kataluniako Homofobiaren kontrako Behatokiak jaso du salaketa.

Biktimak sare sozialetan zabaldutako argazkia.
Biktimak sare sozialetan zabaldutako argazkia.
Biktimak sare sozialetan zabaldutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko 19 urteko gazte transexual batek Bartzelonan eraso transfobo bat jaso duela salatu du. Bere etxetik gertu eraso egin eta irainak oihukatu dizkiote, ostiralean, trans izateagatik, sare sozialetan azaldu duenez. Erasoaren ostean, bere aurpegiaren irudiak ere zabaldu ditu sare sozialetan.

Evak azaldu duenez, erasoa ostiralean izan zen. Etxetik "irten bezain laster", Bartzelonan, "trabesti puta" eta "munstro" oihukatzen hasi ziren, eta aurpegian bi ukabilkada eta gorputzean ostikoak eta kolpeak eman zizkioten.

"19 urteko neska normal bat naiz. Transexuala naiz, bai, baina horrek ez nau anormalago egiten, ez nau munstro egiten, ez nau gutxiago egiten. Kalera irteteko eskubidea dut, nire sare sozialekin nahi dudana egiteko eskubidea dut eta mundu guztiak izan beharko lituzkeen eskubide guztiak ditut", esan du gazteak sare sozialetan.

Neskaren arabera, "nahikoa gaizki" pasatu du bizitzan "dena izaten saiatzen", orain beste norbait hori kentzera etortzeko, eta azaldu du Bartzelonara duela bi hilabete "bake bila" joan zela bizitzera, eta bere buruaz disfrutatzera, behar duelako. "Ez umiliatua izatera, kolpatua izatera eta munstro bat bezala sentiarazi diezadaten", azpimarratu du.

"Azaldu iezaiozue zuek amari hau, esaiozue zuen familiari, kilometrotara dagoenari, transexuala izateagatik kolpatu zaituztela. Ez dut hau merezi. Eta hemendik publikoki salatzen dut", idatzi du gazteak. "Transfobia gehiagorik ez, mesedez, ez dut bihar hil nahi", salatu du.

View this post on Instagram

A post shared by Eva Vildosola (@evacastt)

Kataluniako Homofobiaren kontrako Behatokiak "eraso basati hau" salatu du, eta biktimaren esku jarri da.

Eugeni Rodriguez behatokiko presidenteak "beldurgarritzat" eta "basatitzat" hartu du gazteari egindako erasoa. Sare sozialetan babes mezu asko jaso ditu gazteak, baita Robert Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearena ere. "Gorrotoaren eta intolerantziaren aurrean, izateko eta bakoitzak nahi duen moduan bizitzeko askatasuna", esan du.

Trans Oroimenaren Egunean izan zen erasoa. Behatokiaren arabera, bere transexualitateagatik "hildako, erasotako edo diskriminatutako pertsona guztiak oroitzeko eguna" da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Gaurko albisteak Nafarroan Bartzelona Gizartea Eguneko albisteak Albisteak LGTBI