Gizartea -
Koronabirusa
EAEn 618ra eta Nafarroan 84ra jaitsi dira kasuak, eta positibo tasa % 6 ingurukoa da
Bi erkidegoek hoberako eboluzioarekin jarraitzen dute. EAEn, positibo tasa % 6,4 da, eta Nafarroan, % 6,2.
EITB.EUS
Hego Euskal Herrian 702 kasu erregistratu dira azken 24 orduetan: 618 kasu Euskal Autonomia Erkidegoan eta 85 Nafarroako Foru Erkidegoan. Positibo tasa % 6 inguru da bi erkidegoetan.
EAEn, esan bezala, 618 koronabirus kasu berri atzeman dira azken egunean egindako 9619 proba diagnostikoetan. Beraz, positibo tasa % 6,4 da.
Lurraldeei erreparatuta, Gipuzkoak izaten jarraitzen du eguneko positibo gehien erregistratzen dituena, 291rekin. Bizkaian 279 kasu berri atzeman dira, eta Araban, 45.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 26 pertsona ospitaleratu dira larunbatean COVID-19arekin, eta 137 pertsona daude ZIUn.
Udalerri bakoitzeko datuak eta EAEko R0 indizea astelehenean eguneratuko ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak.
Nafarroan, 84 COVID-19 kasu berri atzeman dira, aurreko egunean baino 134 gutxiago, Osasun Publikoko Institutuak emandako datuen arabera.
Egindako PCR proba eta test antigeno kopurua ere askoz baxuagoa izan zen, 1364 proba denera -bezperan baino 932 gutxiago- eta, beraz, positibitate tasa ez da asko jaitsi: % 6,2koa da.
Azken egunotako beheranzko joerari eusten dio Nafarroak, kutsatzeei dagokienez. Astelehenean 138 datu zenbatu ziren, asteartean 158, asteazkenean 138, ostegunean 157, ostiralean 135 eta atzo 85.
Eguneko kopururik baxuena da abuztutik, baina notifikatutako hildakoak 13ra igo dira; horietako lau aurreko egunetakoak dira.
Atzo hil ziren 9 pertsonen artean, sei 79.96 urteko emakumeak dira, eta hiru, 75-78 urteko gizonak. Aurreko egunetan hildako 4en artean, 81, 90 eta 103 urteko hiru emakume eta 81 urteko gizon bat dira.
Datu horiekin, foru erkidegoan pandemia osoan zehar hil direnak 842 dira, eta kutsatuak, 38.535.
Azken orduetan lau ospitaleratze berri izan dira, bat ere e ZIUn. Beraz, 252 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino 9 gutxiago), eta horietatik 43 ZIUn daude (6 gutxiago), 35 etxean eta 174 ospitalean.
Lurraldeka, Iruñerrian daude positiboen % 46. Tuteran % 14 dira, eta Lizarran, % 26. Beste eskualdeetakoak dira gainontzeko % 14.
Adinari erreparatuta, talde nagusiena 15 urtetik beherakoa da (% 29), gero 30-44 urtekoak (% 27), 45-59 urtekoak (20 %), 15-29 urtekoak (% 12), 60-75 urtekoak (% 7) eta 75 urtetik gorakoak (% 5).
Kasu berrien batez besteko adina 32,9 urtekoa da, eta % 66 emakumeak dira.
Bizkaiko eta Gipuzkoako adinekoen egoitzak
Bizkaiko erresidentzietako hiru egoiliar hil dira azken orduetan. Guztira 94 pertsona hil dira pandemiaren bigarren olatuan adinekoen egoitzetan. Kutsatuta dauden kopurua 202 dira, aurreko zenbaketan baino 10 gehiago.
Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen arabera, larunbatean, lurralde historikoan autorizatuta dauden 155 erresidentzietan (10.748 pertsonarentzako tokia), 134 positibo zeuden (17 gehiago), eta ospitaleratuta, 23 (bost gutxiago).
Gaixotasunetik irten diren eta proban negatibo eman duten pertsonak 2139 dira, beraz. Zazpi gehiago osatu dira.
Gipuzkoako erresidentzietan beste hiru hildako erregistratu dira azken orduetan, eta bigarren olatuko heriotzak 76 dira, beraz. Gainera, Foru Aldundiak eta DYAk egiten dituzten PCR probetan 13 positibo berri atzeman dira.
9 egoiliar osatu dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan azken orduetan. Erresidentzietan, momentu honetan, 164 positibo aktibo daude.
Era berean, 75 pertsona daude kasu hauek artatzeko zentroetan COVID-19arekin, Eibarren eta Ordizian.