Gizartea -
KORONABIRUSA
Espainia PCR negatiboa eskatzen hasi da, hegazkinez edo itsasontsiz sartzeko
Arrisku herrialde deituriko horietatik Espainiara joan baino 72 ordu baino lehenago egin beharko dute PCR proba. Guztira, 65 herrialde daude zerrenda horretan: EBko 28 eta beste 37.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaurtik aurrera, Espainiak PCR negatiboa eskatuko die arrisku herrialdeetatik hegazkinez edo itsasontziz sartzen diren bidaiariei. Espainiara joan baino 72 ordu lehenago egin beharko dute PCR proba.
Espainiako Boletin Ofizialak azaroaren 12an argitaratutakoaren arabera, guztira 65 herrialdetatik Espainiara doazen bidaiariek egin beharko dute PCR proba. 65 herrialde horietatik 28 Europar Batasunekoak (EB) dira eta beste 37, ostera, EBtik kanpokoak.
Europar Batasuneko herrialdeei dagokienez, hauek daude zerrenda beltzean: Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Txekia, Zipre, Kroazia, Danimarka (Faroe irlak eta Greenland salbu), Eslovenia, Estonia, Frantzia, Grezia (Kitri, Ionia Nisia, Dytiki Ellada eta Sterea Ellada salbu), Hungaria, Irlanda, Islandia, Italia, Letonia, Lituania, Luxemburgo, Malta, Norvegia (Rogaland, Møre og Romsdal, Nordland, Viken, Innlandet, Vestfold og Telemark, Agder, Vestland, Trøndelag eta Troms og Finnmark salbu), Herbehereak, Polonia, Portugal (Azoreak salbu), Errumania, Suedia, Liechtenstein eta Eslovakia.
Gaur eguneratuko dute zerrenda hori, beti ere herrialdeen egoera epidemiologikoa aintzat hartuta, eta azaroaren 30ean sartuko da indarrean. Hurrengo eguneratzea abenduaren 7an izango da.
Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 150 kasutik gorako intzidentzia metatua izan duten herrialdeak dira arriskutsutzat jotzen direnak.
Europar Batasunetik kanpoko herrialdeen artean hauek daude zerrendan: Albania, Andorra, Argentina, Armenia, Aruba, Bahrain, Belize, Bosnia-Herzegovina, Cabo Verde, Kolonbia, Costa Rica, Arabiar Emirerri Batuak, Ameriketako Estatu Batuak, Errusia, Georgia, Gibraltar, Guam, Jordania, Kuwait, Libano, Libia, Ipar Mazedonia, Maroko, Moldavia, Monako, Montenegro, Palestina, Panama, Polinesia Frantsesa, Puerto Rico, Erresuma Batua, San Marino, San Martin, Serbia, Suitza, Tunisia eta Ukraina.
PCR probarik egin ez dutenek aireportuan edo portuan egin ahal izango dute, baina isuna jaso dezakete.
Horrez gain, orain arte bezala, tenperatura kontrolak egingo zaizkie bidaiariei.