Gizartea -
GRIPEAREN AURKAKO TXERTOA
Ia 500.000 lagunek jarri dute gripearen aurkako txertoa EAEn, iaz baino % 50 gehiagok
Kanpaina gutxienez 3 aste gehiago egongo da indarrean, eta txertoa lortu nahi duenak telefono bidez osasun-zentroarekin harremanetan jarri beharko du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gripearen aurkako txertaketa-kanpainaren lehen 5 asteetan guztira 495.156 dosi eman dira arrisku-taldeen, osasun-langileen eta EAE osoko biztanleriaren artean. Datu horiei erreparatzen badiegu, kanpaina honetan iaz baino % 50 pertsona gehiago txertatu da.
Kanpaina honen helburua gripearen aurrean zaurgarrienak diren pertsonen osasuna zaintzea da, baita osasun kolektiboa ere, bereziki COVID-aren kutsatzea handia den garai honetan. Gripearen aurkako prebentzio neurririk onena txertoa da. Txertoa nahi duten pertsonek telefonoz jarri behar dute harremanetan osasun-zentroarekin, kanpaina gutxienez 3 astez egongo baita irekita.
Emandako dosiak
Guztira emandako txertoetatik, 479.014 Osakidetzak kudeatu ditu; gainerakoak Osalanen bidez utzi zaizkie prebentzio-zerbitzuei.
Orain arte, 357.841 pertsonak jaso dute gripearen aurkako txertoa; 65 urtetik gorakoek, gaixotasun kronikoak dituztenek eta haurdun dauden emakumeak. Gainera, arrisku-kolektiboko kide ez ziren 92.592 pertsonak jaso dute dosia. Bestalde, Osakidetzako langileen erdiek baino gehiagok txertoa hartu dute (20.848), eta Euskal Osasun Zerbitzutik kanpoko 8.033 osasun-profesionalek ere bai.
Gizartea kontzietziatzea
Gogoratu behar da, koronabirusaren kasuan bezala, gripearen aurkako kanpaina prebentzio eta higiene-ohitura oinarrizkoak sartzearen garrantziaz kontzientziatzen jarraitzeko beste aukera bat dela, hala nola eskuak maiz garbitzea, maskara erabiltzea eta urruntze soziala.