Gizartea -

Koronabirusa

Positibo tasa % 6,3 eta % 6,9ra jaitsi da azken orduetan EAEn eta Nafarroan

Euskadik 610 positibo berri atzeman ditu eta Nafarroak 141. Kasuen gorakada gorabehera, positibo tasak behera egin du.

Osasun langile bat EPIa jartzen. Argazkia: EFE
Osasun langile bat EPIa jartzen.
Osasun langile bat EPIa jartzen. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan positibo tasa % 6,3 eta % 6,9ra jaitsi da, kasuen gorakada gorabehera.

Euskadik 610 positibo berri atzeman ditu astelehen honetan, hau da, aurreko egunean baino 111 gehiago. Alabaina, positibo tasak behera egin du, % 6,3ra arte, eta bosgarren egunez jarraian % 7tik behera dago, joan den urriaren erdialdean erregistratutakoaren antzeko portzentajean; horrenbestez, COVID-19aren intzidentzia egonkortu egin dela esan daiteke. Bestalde, EAEko ospitaleetan 58 pertsona gehiago sartu dira, eta 140 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan.

Osasun Sailak astearte honetan argitaratu duen buletinaren arabera, joan den astelehenean 9.676 PCR eta antigeno proba egin zituzten, aurreko egunean (7.290) baino gehiago. Horietatik 610 positiboak izan dira eta igandean 499. Horrenbestez, positibo tasa % 6,8tik % 6,3ra jaitsi da.

100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasak ere behera egiten jarraitzen du, eta 636,6koa da, aurreko eguneko 668,6koaren aldean.

Beherakada hori hiru lurraldeetan ikusten da. Bizkaiak 285 positibo berri zenbatu ditu igande honetan, aurreko egunean baino 42 gehiago; Gipuzkoan 235 kutsatze berri atzeman dituzte, 33 gehiago; eta Araban 87 positibo berri, 37 gehiago. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen hiru kasu positibo erregistratu dituzte, igandean baino bat gutxiago.

Gasteiz da "gune gorritik" irten den euskal hiriburu bakarra, kasuak 100.000 biztanleko 496,85era jaitsi baitira; beraz, Arabako udalerri bakar bat ere ez dago 500 kasuko mugatik gora.

EAEko ospitaleetan 58 gaixo ospitaleratu dituzte astelehen honetan, aurreko balantzean baino 36 gehiago. Hala eta guztiz ere, 449tik 417ra jaitsi da ospitaleratutako pertsonen kopurua. Gaur egun 140 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan, igandean baino bat gutxiago.

Gaixo batek zenbat pertsona infektatu ditzakeen zehazten duen oinarrizko ugalketa-indizeak egonkor eta 1etik behera jarraitzen du, zehazki 0,80an, aurreko bi egunetan bezala.

Era berean, murriztu egin da 500 kasutik gorako herrien kopurua: 40 dira, hau da, 9 gutxiago. Bizkaian 13 dira tasa hori gainditzen duten udalerriak, 6 gutxiago, Arrigorriagan, Berangon, Erandion, Lekeition, Mungian eta Ortuellan intzidentzia jaitsi ostean.

Gipuzkoan ia ez da hobekuntzarik nabaritu; izan ere, 27 udalerrik gainditu dute 500eko muga hori. Bi gutxiago daude zerrendan, Legazpi eta Oiartzun atera ostean.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

EAEko egoitzen egoera

Bizkaiko adinekoentzako egoitzetan beste bi pertsona hil dira COVID-19arekin azken bi egunetan; ondorioz, pandemiaren bigarren olatuan 96 pertsona hil dira, eta kutsatutako adinekoen eta ospitaleratutakoen kopuruak gora egin du.Atzoko jardunaldia ixtean, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, lurraldeko egoitza baimenduek (155 zentro baimendu, 10.748 plazarekin) 165 positibo zituzten, duela bi egun baino 31 gehiago, eta beste 30 ospitaleratuta zeuden, zazpi gehiago.

Bestalde, Donostiako Hermano Garate egoitzan ere adineko bat hil da azken orduetan. Gainera, zortzi positibo gehiago atzeman dituzte Gipuzkoan, eta zazpi egoiliarrek gaixotasuna gainditu dute.

Araban, berriz, hiru positibo berri zenbatu dituzte zahar egoitzetako pertsonen artean. Halere, azken astean behera egin du gaixo daudenen kopuruak: 32 dira orain, iragan asteartean baino 16 gutxiago.

Nafarroan 114 COVID-19 kasu daude gaur egun erresidentzietan. Beraz, beheranzko joerari eutsi diote han ere, Eskubide Sozialen departamentuak jakitera eman duenez.Gaixo dauden adineko askok ez dute ospitalera joan beharrik izan, hau da, 78 egoiliar erresidentzian bertan daude. Horietatik 53k sintomaren bat dute, eta gainerako 25ak ez dute sintomarik.

Ikastetxeen egoera

Ikastetxeen egoerari dagokionez, Iruraiz-Gaunako Geroa Waldorf Eskola pribatuak bertan behera jarraitzen du bere jarduera presentzial guztiarekin; izan ere, bertan birusaren transmisio handia gertatu da, eta ia ikasle guztiak harreman estutzat hartzen dira; beraz, konfinatuta daude.

Gainera, gaur egun 124 gela itxita daude COVID-19 kasuengatik, astelehenean baino 33 gutxiago, hau da, guztizkoaren % 0,71. Orain 79 dira, atzo baino 18 gutxiago.

Nafarroak, berriz, aste berri bati ekin dio, eta astea abiatzearekin batera, ohi legez, kasuek gora egin dute astelehenean. COVID-19a atzemateko probetan, 141 positibo berri zenbatu dituzte, bezperako 113 kasuen aldean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera.

Hala ere, positibo tasa % 6,9ra jaitsi da, 2.039 PCR eta antigeno proba egin ostean.

Igandean, 1.221 proba egin zituzten eta 113 positibo atzeman (% 9,2ko positibo tasa); larunbatean, 84 kasu erregistratu ziren Nafarroan (% 6,15eko positibo tasa) eta ostiralean 129 (% 5,8ko positibo tasa).

Bezperan baino 28 kutsatze gehiago zenbatu dituzte astelehenean, 200 kasutik behera eta iraileko datuetatik hurbil kokatu bada ere. Hain justu, datuek hobera egin dutela eta, zenbait neurri murriztaile lasaitzen hasiko dira Nafarroako Foru Erkidegoan. Hala, ostegunetik aurrera, ostalariek terrazak zabaldu ahalko dituzte.

Ikuspegi epidemiologikotik, pandemiaren bilakaerari dagokionez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du atzo gaixotasun horrekin lotutako zortzi ospitaleratze berri izan zirela Foru Erkidegoan, lau zainketa intentsiboetako unitateetan, eta 50 urteko gizon baten heriotza erregistratu zela. Halaber, aurreko egunetan lau heriotza gehiago jakinarazi dituzte, 87 eta 96 urte bitarteko emakumeenak. Gaixotasun horrek eragindako heriotzen guztizko kopurua, beraz, 852 da.

Iruñerrian eta eskualdean positiboen % 59 erregistratu dituzte, Tuteran % 25 eta Lizarran % 9. Gainerako positiboak (% 7) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatu dira.

Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo guneei dagokienez, hiruk gainditu dute 10eko langa: Cascante, 12 kasu berrirekin; Iruñeko Txantrea auzoa, 11rekin (bezperan 26 positibo zenbatu zituzten), eta Lizarra, 10ekin. Bi digitutik beherako zenbakiak dituzte Iruñeko Arrotxapea auzoak (9), Zizur Nagusiak eta Tutera Ekialdeak (6na).

Erregistratutako kasuen banaketari dagokionez, adin-tarteen arabera, talde nagusia 15 urtetik beherakoena da, % 29; ondoren, 45 eta 59 urte bitartekoena, % 24; 15 eta 29 urte bitartekoena, % 15; eta 30 eta 44 urte bitartekoena eta 75 urtetik gorakoena, % 12. Azkenik, 60 eta 75 urte arteko taldea dago, % 8rekin. Kasu berrien batez besteko adina 38,8 urtekoa da.

Generoari dagokionez, kasuen % 66 emakumeak dira eta % 34 gizonak.

Ospitaleetako okupazioari begira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 221 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 25 gutxiago); horietatik 41 zainketa intentsiboetako postuetan daude (atzo bezala), eta beste 25 etxeko ospitaleratzean (atzo baino 9 gutxiago). Gainerakoak, 155 paziente, gela arruntetan daude.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 38.789 da Nafarroan.

Haur eta Lehen Hezkuntzako 170 ikasle konfinatu dituzte azken 24 orduetan Nafarroan. Horiekin 1.081 dira beren etxeetan isolatuta dauden ikasleak.

Kopuru hori Foru Erkidegoko sare publiko eta itunduetako bi zikloetako ikasle guztien % 1,74 da. Gelaka, 53 konfinatuta daude 41 ikastetxetan, hau da, prebentziozko konfinamendua izan dezaketen bizikidetza-talde egonkor guztien % 1,52.

Aldi berean, gaur, asteartea, ikastetxeetara itzuli dira Haur eta Lehen Hezkuntzako 218 ikasle, hezkuntza presentzialarekin jarraitzeko.

Bestalde, Nafarroak azaroaren 26tik aurrera ekingo die berriro adinekoen eta ezgaituen zentroetako bisitei. Bisita horiek astean behin egin ahal izango dira, senitartekoek eta hurbilekoek hitzordua eskatu ondoren. Gizarte Eskubideen Departamentuak, Maeztu kontseilariak iragarri bezala, neurria onartzea erabaki du, azken asteotan Nafarroan izandako bilakaera epidemiologiko "positiboa" eta egoitzetan izandako eragina kontuan hartuta.

Bisitak aurrez hitzordua eskatuta hitzartuko dira, goizez eta arratsaldez. Adinekoen kasuan, egoiliar bakoitzeko pertsona bat egon ahalko da 30 minutuz, eta bi pertsona eta 60 minutu desgaitasuna duten pertsonen kasuan.

4.584 kasu berri eta 537 hildako Espainian, 24 orduan

Autonomia erkidegoek astearte honetan Osasun Ministerioari emandako datuen arabera, guztira 12.228 COVID-19 kasu zenbatu dituzte Estatuan; horietatik 4.584 azken 24 orduetan. Guztira, 1.594.844 pertsona gaixotu ditu, beraz, koronabirusak.

Kutsatze tasari dagokionez, azken 14 egunetan batezbeste 362,35 kasu izan dira 100.000 biztanleko. Bukatzeko, Salvador Illak zuzendutako ministerioak zehaztu du 537 pertsona hil direla COVID-19ak jota astearte honetan, eta 1.232 azken astean. Hortaz, 43.668 dira, guztira, Espainian hil diren pertsonak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Viana Burlata Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuntza albisteak Medikuak Koronabirusa Alarma egoera Osasunbidea