Gizartea -

GABONAK

Olentzero eta Errege Magoek Mendizorrotzan egingo dute ikuskizuna

Udalak musika- eta dantza-ikuskizun bi antolatu ditu, edukiera mugatuarekin, pandemiaren ondorioz. Sarrerak doakoak izango dira eta gehienez 5 gonbidapen jaso ahal izango dira.

Sarrera doakoa izango da eta aldez aurretik erreserba egin beharko da.
Olentzero Gasteizen
Sarrera doakoa izango da eta aldez aurretik erreserba egin beharko da.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errege Magoek eta Olentzerok eta Mari Domingik Gasteizko haurrei harrera egingo diete bi ikuskizunetan. Ikuskizun horiek hainbat emanaldi izango dituzte, eta edukiera mugatua izango dute, koronabirus pandemiaren ondorioz. Ikuskizun horiek Mendizorrotzako kiroldegian egingo dituzte.

Osasun-egoeragatik ezin denez espazio publikoan desfilerik egin, Kultura Zerbitzuak beste aukera bat prestatu du, Errege Magoak eta Olentzero eta Mari Domingi urtero bezala Gasteizera irits daitezen eta egungo araudiak onartzen duen haur-kopuru handienarekin elkartzerik izan dezaten leku seguruan.

Oletzerok eta Mari Domingik Hator Hator ikuskizuna eskainiko dute abenduaren 23an eta 24an, eguneko lau emanaldirekin. 30 minutukoak izango dira emanaldiok, goizez eta arratsaldez eskainiko dira eta 400 laguneko edukiera izango dute.

"Musika, dantza, abestiak eta ilusioa" ez dira faltako, Udaleko Folklore Akademiaren eta Udalaren erraldoien konpartsen parte-hartzearekin, besteak beste.

Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik hitzordua eskatu behar da. Gonbitak abenduaren 17an, 9:00etatik aurrera, eskuratu ahalko dira udalaren webgunean edo telefonoz (945 16 16 18, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara).

Abenduaren 24ko azken emanaldia, 18:00etakoa, streaming bidez ikusi ahalko da zuzenean, udalaren webgunean, eta ikusgai izango da Eguberrietan, herritar orok atsegin hartzerik izan dezan.

Bestalde, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Gasteizen izango dira urtarrilaren 4an eta 5ean, Badatoz Errege Magoak ikuskizunarekin. Ikuskizun horren sei emanaldi eskainiko dituzte egunero, goizez eta arratsaldez, eta 400 laguneko edukiera izango du bakoitzak.

Olentzerorekin bezala, gonbidapen bat eskuratu behar da. Abenduaren 28tik aurrera, web orriaren eta udalaren telefonoaren bidez eskura daitezke. Era berean, azken emanaldia internet bidez emango da, zuzenean, eta datozen egunetan egongo da eskuragarri.

Estibaliz Canto Kultura zinegotziak zehaztu duenez, gehienez 5 gonbidapen jaso ahal izango dira, eta adingabe bakoitzarekin heldu bat sartu ahal izango da. Horrez gain, heldu bakar bat haur batekin baino gehiagorekin joan ahal izatea eskatu du, "adingabeen sarrera errazteko", edukiera murrizketa dela eta.

Haurrentzako ikuskizunen erakustaldia

Halaber, abenduaren 26tik 30era, haurrentzako ikuskizunen XVII. erakustaldia izango da Mendizorrotzan. Aurten handitu egin da programa, eta bost ikuskizunen 10 emanaldi izango dira.

Abenduaren 26an Txiki Rock ikuskizunak abiaraziko du programa. Euskaraz izango da eta txikienak euskal rockean murgiltzen hastea nahi du. Bi emanaldi izango dira, 16:30ean eta 19:30ean. Abenduaren 27an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken lana, Amaren intxaurrak, eskainiko da, 12:00etan eta 18:30ean.

Abenduaren 28an, haurrentzako El lago de los cisnes opera eskainiko da, 12:00etan eta 18:30ean, gaztelaniaz. Abenduaren 29an, berriz, Kantu kolore. Zuzeneko musika, koreografia, umorea eta energia txiki eta helduentzat; 12:00etan eta 18:30ean.

Azkenik, abenduaren 30ean, Naviland, el musical. El lugar donde viven los Reyes Magos programa izango da, 12:00etan eta 18:30ean. Gaztelaniaz.

Sarrerek 5 euro balioko dute, eta abenduaren 9an, 9:00etatik aurrera, erosi ahal izango dira udalaren webgunean edo telefonoz (945 16 16 18, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara).

Abesbatzen kontzertuak

Gasteizko Eguberrietako programan ohikoak izaten dira abesbatzak, eta aurtengoan ere izango dira, baina beste modu batera antolatuta, osasun-krisia dela eta. Gizarte etxeetako ekitaldi-aretoetan egingo dira, abenduaren 19tik urtarrilaren 3ra bitartean. Hauxe da programa:

Nurat: abenduaren 19an, Aldabeko gizarte etxeanUrkanta: abenduaren 20an, Salburuko gizarte etxeanUrkanta: abenduaren 21ean, Ariznabarreko gizarte etxeanMairu: abenduaren 22an, Salburuko gizarte etxeanTantak: abenduaren 23an, Zabalganeko gizarte etxeanSamaniego: abenduaren 26an, Arriagako gizarte etxeanMairu: abenduaren 30ean, Araneko gizarte etxeanAusartak: urtarrilaren 3an, Arriagako gizarte etxean

8 kontzertuak 19:00etan hasiko dira, eta gonbitak abenduaren 5etik aurrera erreserbatu ahalko dira, gizarte-etxeetan edo udalaren webgunean.

Jaiotza monumentala

Floridako jaiotza monumentala abenduaren 4an inauguratuko da, 16:00etan, eta urtarrilaren 6ra arte bisitatu ahalko da, 10:00etatik 21:00etara. Segurtasun-neurriak gordetzeko, jaiotzaren barruko bideek noranzko bakarra izango dute, jendea gurutzatzea ekiditeko.

Misterioaren kokalekua izango da aurtengo beste berrikuntzetako bat. Ezingo denez haitzuloaren barruko aldea erabili, haitzuloaren sarreraren kanpoko aldean jarriko dira Ama Birjinaren, San Joseren eta Jesus haurraren irudiak.

Olentzero eta Mari Domingiren etxea

Olentzero eta Mari Domingiren etxea ere beste leku batean jarriko da aurten, Zulueta jauregiaren lorategian hain zuzen ere, jendearentzako espazioa zabalagoa izateko. Senda ibilbidetik izango du sarrera, eta irteera, berriz, Musikaren ibilbidetik. Horrela, nahitaezko noranzkoa duen ibilbide bakarra egongo da.

Olentzero, Mari Domingi eta Astotxoren irudiek 10:00etatik 21:00etara hartuko dituzte hiriko haur guztiak. Abenduaren 4an, 16:00etan, inauguratuko da, eta urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gabonetako loteria Araba Mendizorrotza Gabonak Olentzero Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Kultura Albisteak Errege magoak