Gizartea -

Bahitutako kooperanteak

Chaconek dio bahitutako lau boluntarioak 'bizirik' daudela

Defentsa ministroak diskrezioz jokatzeko deia egin du boluntarioak "lehenbailehen eta onik itzul daitezen". Gaur, Espainiako Gobernuaren krisi taldeak bilera egin du kasua aztertzeko.

Saharako hainbat emakumezko boluntarioen askapena eskatu dute. Argazkia: Efe.
Saharako hainbat emakumezko boluntarioen askapena eskatu dute. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carme Chacon Defentsa ministroak jakinarazi du Afrikan bahitutako lau boluntario espainiarrak (horietako bat Mundu Bat euskal GKEko kidea) "bizirik" daudela. Hala ere, ministroak diskrezioz jokatzea eskatu du boluntarioak "lehenbailehen eta onik itzul daitezen".

"Denak daude bizirik", adierazi du Antena 3n egin dioten elkarrizketa batean.

Hori horrela, urriaren 13an Kenian bahitu zituzten Mugarik Gabeko Medikuetako bi kooperanteak eya urriaren 22an Mendebaldeko Saharan bahitutakoak onik daudela azpimarratu du.

Azken bi horiei dagokienez, Chaconek ez du baieztatu nor den bahitzailea, baina Polisarioak eta Marokoko Gobernuak diote Al Kaida izan dela eta Malin dituztela preso.

Chaconek berretsi du oso garrantzitsua dela negoziaketak diskrezioz egitea bahituak bizirik erreskatatu ahal izateko.

Espainiako Gobernuaren krisi taldeak bilera egin du gaur azken asteontan Kenian eta Tindufen (Sahara Mendebaldea) bahitu dituzten herritarren egoera aztertzeko.

Al Kaidaren esku

Urriaren 23an bahitutako hiru boluntario europarrak, horietako bi espainiarrak, bizirik eta Magreb Islamiarreko Al Kaidaren esku leudeke, bitartekari batek AFP albiste agentziari esandakoaren arabera.

Hiru boluntarioak, bi espainiar eta italiar bat, igandean harrapatu zituzten Aljeriako Rabun herrian dagoen saharauiarren errefuxiatu-eremu batean, Tindufetik gertu.

Ainhoa Fernandez Rincon madrildarra, Sahara Herriko Lagunen Extremadurako Elkarteko kidea; Enric Gonyalons mallorcarra, Mundubat Gobernuz Kanpoko Euskal Erakundeko kidea; eta Rosella Urru, Herrien Garapenarako Italiar Batzordeko ordezkaria (CISP) dira hiru bahituak.

"Hiru bahitu europarrak bizirik daude, Magrebeko Al Kaidako bahitzaileetako baten arabera", esan dio AFPri Aljerian lan egiten duen bitartekari batek.

"Bahitzaileek esan dute euren eskaerak geroago egingo dituztela. Baina, momentuz, bahituak bizirik daude", izan dira iturriaren hitzak.

Bestalde, gogoratu behar da Kenian Mugarik Gabeko Medikuak GKEko bi kooperante bahitu zituztela duela 18 egun.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea