Gizartea -

Koronabirusa

Positibotasun tasak behera egiten jarraitzen du EAEn eta apur bat gora Nafarroan

Positiboek behera egin dute apur bat Euskadin (624), eta COVID-19 kasuen kopuruak gora egin du berriro Foru Erkidegoan, bigarren egunez jarraian (161).

Osasun langile bat ume bati PCR bat egiten. Argazkia: EFE
Osasun langile bat ume bati PCR bat egiten.
Birusaren hedapena geldituz doa EAEn

1:20

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEk eta Nafarroak emaitza ezberdinekin jarraitzen dute koronabirusaren aurkako borrokan azken orduetan. Euskadin positibotasun eta kutsatze tasak behera egiten jarraitzen duen bitartean, Nafarroak geldiune bat jasan du eta bigarren egunez jarraian kasuak eta tasa igo egin dira.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetako pandemiaren bilakaerari buruzko datuak eman ditu jakitera; izan ere, 11.233 proba diagnostiko egin zituzten, eta 624 pertsonak eman zuten positibo, bezperan baino 42 gutxiagok, eta egindako probekin alderatuta, positiboen tasa ere % 5,6ra jaitsi da, aurreko eguneko % 6,1aren aldean.

Halaber, intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, baina Euskadi eremu gorriaren gainetik dago oraindik, hau da, 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago pilatzen ditu 14 egunetan. Atzo 533,91koa izan zen, aurreko egunean 570,29koa eta asteartean 604,5ekoa.

Lurraldez lurralde aztertuta, adierazle horrek gorrian jarraitzen du Gipuzkoan, baina baita jaisten ere, eta ostegunean 698,55ekoa zen, asteazkenean 740tik gorakoa zen bitartean. Arabari dagokionez, 438,76 puntutan dago (454,62 bezperan), eta Bizkaiari dagokionez, asteazkenean 500etik jaitsi zen, orain 445,20an dago.

Datu negatiboa ospitaleetan dago: 63 pertsona gehiago ospitaleratu dituzte, aurreko egunean baino sei gehiago, eta ospitaleratutako gaixoen kopurua 403tik 416ra igo da. Bestalde, zainketa intentsiboetako unitateetan dauden pertsonen kopuruak behera egin du (132 pertsona), asteazkenean baino bi gutxiago. Guztira, 548 ospitaleratu daude, asteazkenean baino 11 gehiago.

Gipuzkoan izan dira kasu positibo gehien: 307, aurreko egunean baino 288 gehiago. Bizkaian, 224 kutsatze berri atzeman dituzte ostegun honetan (34 gutxiago), eta 85 Araban (25 gutxiago).

Oinarrizko ugalketa-kopurua, R0, ez da aldatu aurreko datuarekin alderatuta, eta 0,77an dago.

Pandemiaren bilakaera hori tokiko eremuan ere islatzen da; izan ere, ostegun honetan 29 udalerri zeuden Euskadin, 100.000 biztanleko 500 kasutik gora, aurreko egunean baino 6 gutxiago.

Bizkaian, 7 udalerri baino ez ditu eremu gorria deritzonean, eta Basauri, Getxo eta Gueñes atera dira bertatik; Gipuzkoan, berriz, 22 ditu, eta Lasarte-Orian, Lazkaon eta Urretxun daude kutsatze-tasa handienak. Araban oraindik ez dago udalerririk zerrenda horretan.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Ikastetxeei dagokienez, ostiral honetan bertan behera geratu da Iruraiz-Gaunako (Araba) Geroa Waldorf Eskolako jarduera presentziala, ia ikasle guztiak positiboren batekin harreman estutzat jo baitituzte.Guztira 110 ikasgela itxi dituzte (aurreko egunean baino 11 gehiago), hau da, EAEko hezkuntza-sistemak ikasturte honetan dituen 17.554 eskolen % 0,63. COVID-19ak 69 ikastetxe kaltetu ditu, ostegunean baino 4 gehiago.

Gipuzkoako egoitzetan adineko bat hil da azken orduetan COVID-19aren ondorioz. Gainera, PCR probek 10 positibo berri baieztatu dituzte. 12 pertsonak, aldiz, gaixotasuna gainditu dute.

Aldundiak jakitera eman duenez, hildakoa Donostiako Julian Rezola egoitzan bizi zen. 13 adinekok eritasuna gainditu dute azken orduetan, eta 76 pertsona osasun zentro berezietan daude (Eibarko Ospitalearen solairu sozialean eta Ordiziako San Jose zentroan).

Arabako egoitzetan bederatzi kasu positibo zenbatu dituzte adinekoen artean. Gainera, adinekoentzako hiru eguneko zentro badaezpada eta aldi baterako itxi dituzte Araban, hiru koronabirus kasu antzeman ondoren.

Arabako Foru Aldundiak ohar batean jakitera eman duenez, positibo berriak Prado-Caser (8) zentroan eta Arratzua-Ubarrundiako San Frantzisko Xabier (1) etxebizitza pribatuan baieztatu dituzte.

Bigarren egunez jarraian, COVID-19 kasuek gora egin dute Foru Erkidegoan, 161ra arte, Nafarroako Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. Ostegunean 2.910 proba egin dituzte, eta positibotasun tasa ere igo egin da: % 5,5 (bezperan baino puntu bat gehiago).

Osteguneko positiboen kopuruak 150 kasuen langa gainditu du, eta azaroaren 14tik erdietsitako altuena da.

Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri eta guneei dagokienez, bik gainditu dute 10 kutsatuen maila: Lizarrak (12) eta Iruñeko Arrotxapea auzoak (11). Ondoren datoz Zizur Nagusia, Mendillorri (Iruñea) eta Cascante, denek 10etik beherako kopuruekin: bederatzi, zazpi eta sei positibo, hurrenez hurren.

Nafarroako sare publiko eta pribatuan 228 ikasle isolatu dituzte azken 24 orduetan. Beste 118, ostera, eskolara itzuli dira koarentena bukatu ondoren.

Foru Erkidegoko egoitzetan 108 koronabirus kasu aktibo daude, Eskubide Sozialetako Departamentuak jakinarazi duenez.

Positibo gehienek adinekoen egoitzetan jarraitzen dute, eta ez dute ospitaleratzerik behar, konkretuki 79k, horietako 52k sintomak dituzte eta 27k ez. Beste 16 pertsona bitarteko zentroetara bideratu eta 13 ospitaleratu behar izan dituzte.

Espainia

Erkidegoek Osasun Ministerioari 10.853 positibo berri baieztatu dizkiote, horietako 5.008 azken 24 orduetan diagnostikatu dituztelarik. Asteazkenean 5.073 diagnostikatu zituzten. Guztira, datu ofizialen arabera, 1.628.208 pertsona kutsatu ditu koronabirusak Espainiako Estatuan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Viana Burlata Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuntza albisteak Medikuak Koronabirusa Alarma egoera Osasunbidea