Gizartea -

GABONAK

Olentzero eta Mari Domingi Arriaga Antzokian izango dira abenduaren 23an eta 24an

Udalak 30 minutuko bost emanaldi antolatu ditu, edukiera mugatuarekin eta bi euroko prezioarekin. Ikuskizun horrek COVID-19aren pandemiak bertan behera utzitako kalejira ordezkatuko du.

Olentzeroa Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE.
Olentzeroa Bilbon
Olentzeroa Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olentzero, Mari Domingi, Lamia eta Galtzagorriek ez dute hutsik egingo Bilborekin eta etxeko txikienekin izango duten hitzorduan. COVID-19aren ondorioz ekitaldi masiboak eskaintzeko ezintasuna dela eta, Udalak Gabonetako pertsonaia nagusien presentzia izateko alternatibak programatu ditu.

Olentzeroren aurtengo ikuskizuna desberdina izango da, ikazkinaren, Mari Domingiren eta laguntzaileen osasuna bermatzeko, baita harrera egiten dieten familia guztiena ere. Arriaga Antzokian antzerki- eta musika-emanaldia izango da, iraupen laburrekoa, 30 minutu ingurukoa, ahalik eta haur gehienek gozatu ahal izan dezaten.

Horretarako, abenduaren 23an eta 24an bost funtziotan aurkeztuko den kontakizun bat sortu du Udalak. Kontuan hartuta Arriaga Antzokiak 300 laguneko edukiera ezartzen duela funtzio bakoitzeko, segurtasun-araudia betetzeko, eta ordubete behar dela funtzio baten eta bestearen arteko garbiketa-lanak egiteko, ordutegiak hauek izango dira:

Abenduaren 23an, 16: 00etan, 18: 00etan eta 20: 00etan.Abenduaren 24an, 11: 00etan eta 13: 00etan.

Sarrerak Arriagaren webgunean eskuratu ahal izango dira, abenduaren 21etik aurrera. Olentzeroren ikuskizuna ikusteko tiketek 2 euroko prezio sinbolikoa izango dute eta erosketa bakoitzean 4 txartel erosi ahal izango dira gehienez.

Horrela, edukiera zainduko da, eta eragotzi egingo da erabiliko ez diren sarrerak sal daitezen. Udalak aholkatzen du espazioa adingabeentzat gordetzea, lehentasuna eurena baita umeentzako ikuskizuna gozatzeko, eta heldu bakarra joan dadila haiekin.

Sarreren salmentarekin lortutako diru-bilketa haurrentzako proiektuak garatzen dituen irabazi-asmorik gabeko gizarte-erakunde bati bideratuko zaio.

Bertaratzen diren pertsona guztiek nahitaez erabili beharko dituzte maskarak, eta ikusleen arteko segurtasun-distantzia bermatuko da, eta gela hidroalkoholikoa izango dute eskura.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Gabonetako loteria Bilbo Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Arriaga Antzokia Metro Bilbao Gabonak Olentzero Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Kale antzerki egitaraua Errege magoak