Gizartea -

TRAFIKOA

AP-8 autobidea itxi egingo da Irun eta Behobia artean larunbatetik iganderako gauean

Irun eta Behobia artean itxiko dute autobidea, larunbateko 22:00etatik igandeko 09:00etara.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AP-8 autobidea erabat itxiko dute larunbatetik iganderako gauean, Irun eta Behobia artean (Gipuzkoa), Irungo Udala egiten ari den Hego Errondako lanengatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Gauean, AP-8ko bi ertzak lotuko dituen gaineko pasabide berriaren egitura metalikoa jarriko da autobidearen gainean. Egitura hori jartzeko, AP-8 autobidea itxi beharko dute Irun eta Behobia artean, larunbateko 22:00etatik igandeko 09:00etara.

Oinaurreko lotuneko irteera ere itxi beharko da, baina ez autobideko sarrera. Ordezko aukera gisa, Behobiako noranzkoko trafikoa Irungo ordainlekutik irten beharko da eta GI-636 errepidetik jarraitu Zaisako biribilguneraino eta N-121-A errepidetik berriro AP-8 autobidean sartu Iparralde-Frantzia norabidean.

Donostiarako noranzkoan doazen ibilgailuak Behobiako 0 irteeratik N-121 A errepiderantz eta Zaisako biribilgunerantz joan ahal izango dira. Gero, GI-636 errepidetik jarraitu eta Irungo ordainlekutik autobidera sartu arte.

Saihesbidearen obrak iraun bitartean, autobidean beste mozketa batzuk egingo dira, partzialak zein osoak, pasabide berriaren egitura metalikoan aurrelauzak jartzeko, Txingudiko Uren edateko uraren hodia desbideratzeko eta ondoren egungo pasabidea eraisteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gipuzkoa EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak A-8 Autobidea