Gizartea -

Gertakaria

Su eman diote Frantziako astekari satiriko baten egoitzari

Hain zuzen ere, 'Charlie Hbedo' kazetaren egoitzari eraso diote, aste honetako alean Tunisiako hauteskundeetan garaipena lortu duen alderdi islamiarrari iseka egiteagatik.

'Charlie Hbedo' astekariaren egoitza, sutearen ostean. EITB
'Charlie Hbedo' astekariaren egoitza, sutearen ostean. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Charlie Hbedo' astekari satiriko frantziarraren egoitzari su eman diote bart, molotov koktelak jaurtiz, kazetak Tunisiako hauteskundetan islamiarrek lortutako garaipenari buruzko ale bat publikatu eta gero, Poliziak jakinarazi duenez. Nolanahi ere, ez da inor zauritu.

Sutea 01:00etan hasi da, Davourt boulevardeko 62. zenbakian. France Info irrati-kateak informatu duenez, aldizkariaren webguneari ere egin diote eraso. Albiste hau idazterako orduan (10:00), erorita zegoen.

Aste honetako alean, aldizkariak izena aldatu eta 'Charia Hebdo' erabili du, lege islamikoarekin hitz jokoa eginda, eta Mahoma erredaktore buru gisa aipatzen du, Ennahada alderdi islamiarraren garaipena "ospatzeko".

Gauean, hainbat mezu agertu dira aldizkariaren webgunean, ingelesez eta turkiarrez, Mahomaren erabilera kritikatzeko.

Aldez aurretik, astekariak mehatxuak jaso ditu Twitterren eta Facebooken.

Ez da lehen aldia 'Charlie Hebdo' kazetak antzeko arazoak izan dituena. Izan ere, 2006an ere mehatxuak jaso zituen, Mahomaren karikaturak publikatzeagatik (Danimarkako egunkari batek sortu zituen).

Hedabideak salaketa eta guzti jaso zuen, baina absolbitu egin zuten, karikaturek Islama baino, erradikalak kritikatzea zutela helburu argudiatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea