Gizartea -
Genero berdintasuna
Genero Berdintasunaren Indizeak hoberantz egin du Nafarroan, 100 puntutik 70 lortuta
Foru Erkidegoak estatu espainiarrak baino 1,7 puntu gehiago lortu ditu, eta Europar Batasunaren batez bestekoaren gainetik dago.
Agentziak | Erredakzioa
Genero Berdintasunaren Indizeak (GBI) hoberantz egin du Nafarroan, 100 puntutik 70 lortuta, 2017an egin zen azken neurketaren datuek adierazten dutenez. 0,9 puntu egin du gora 2015ean egin zen azken azterketarekin alderatuta.
Nafarroako Estatistika Erakundeak (Nastat) emandako datuen arabera, 2010 eta 2017 bitartean egindako lau neurketek Nafarroan GBIaren garapena mantsoa izan dela erakutsi dute, 2010ean 66,9 puntu izatetik 2017an 70,0 puntu izatera igaro baitzen.
Indizea kalkulatzeko 1 eta 100 arteko puntuazioa erabiltzen da eta balore altuenak Genero Berdintasunaren Indizean jasotzen diren errealitate politiko, ekonomiko eta sozialaren dimentsio guztietan izan daitekeen berdintasunik handiena islatzen du.
Gainera, genero berdintasunaren 31 adierazleen informazioa balore bakar batean ematen du GBIak, eta, era berean, Europako Genero Berdintasunaren Institutuak jasota dituen sei dimentsio eta 14 azpi-dimentsioen informazio berezia eta zehatza eskaintzen du.
Hala, GBIaren balio orokorrak esparru ekonomikoan, sozialean eta politikoan dituen desberdintasunak atzeman daitezke.
Osasunaren dimentsioan dago berdintasun handiena (88,4 puntu), baita diruarenean ere (78,3). Gainerako dimentsioen berdintasun maila nabarmen baxuagoa da, hala nola, boterearekin (60,6) eta ezagutzarekin (65,8) lotutakoak. Azpi-dimentsioetan, ordea, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna ia erabatekoa da. Adibidez, osasun zerbitzuak, 99,4 puntu ditu, eta osasun egoerak, 94,5. Ahalmen ekonomikoan eta sozialean dago aldaketa txikiena, 45,4 eta 55,3, hurrenez hurren.
Botere politikoari dagokion azpi-dimentsioan, aldiz, berdintasun maila altua da (88,7), botere ekonomiakoarekin eta sozialarekin alderatuta.
Urtez urteko emaitzak hobeak diren arren, Nafarroako joera “sendoa baina mantsoa da”, azken zortzi urteotan 3,1 puntu bakarrik egin baitu hoberantz indizeak. Eboluzio honen arabera, 67 urte barru lortuko litzateke erabateko berdintasuna.
Inor baino hobe
Genero berdintasuna hertsiki loturik dago garapen ekonomikoarekin. Zentzu horretan, Foru Erkidegoko berdintasun maila “dagokion garapen ekonomikoaren gainetik dago”, Belgikaren, Erresuma Batuaren edota Frantziaren berdintasun mailara hurbilduz.
Nafarroako egoera EBren batez bestekoa baino hobea da, dirua eta enplegua izan ezik, beste dimentsio guztietan gailentzen baita. Europako herrialdeen indizearen sailkapena eredu hartuta, Nafarroa zerrendaren erdialdean egongo litzateke, Suedia (82,2) eta Greziaren (50) arteko erdibidean.
Estatu espainiarrari dagokionez, Nafarroak baino 1,7 puntu gutxiago ditu; 68,3, alegia. Hala ere, Estatuko eta Nafarroako datuak antzekoak dira, eta ezberdintasunak ez dira oso handiak. Estatukoekin alderatuz, dimentsio ia guztietan Nafarroa gailentzen da, enpleguan eta osasunean izan ezik. Ezberdintasun nabarmenena denbora dimentsioa da, Nafarroak bost puntuko aldea baitu.