Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Adingabe batek 15 urteko neskato bati eta haren lagunei eraso die Gasteizen
Ustezko erasotzailea, 17 urteko mutikoa, epailearen aurretik igaro da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
17 urteko mutiko batek 15 urteko neskato bati eta haren lagunei matxete batekin mehatxu eta eraso die Gasteizen. Genero indarkeria delitua leporatu diote.
Gasteizko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, erasoa larunbatean gertatu zen Arabako hiriburuko Judimendi etorbidean. Udaltzaingoaren agenteak 20:30 aldera joan ziren inguru horretara, gazte batek neska bati eraso egin ziola jakin ondoren.
Udaltzainek 15 urteko neskatoa eta haren lagunak topatu zituzten bertan. Horien testigantzaren arabera, neskatoaren bikotekide ohia, alkoholaren edo drogaren baten eraginpean, antza, "oldartu" egin zitzaien eta matxete batekin mehatxu eta eraso egin zien.
Ustezko erasotzailea etxean topatu zuten, eta neskatoen testigantza kontuan izanda eta matxetea atzeman ondoren, atxilotu egin zuten. Igandean bertan igaro zen epailearen aurretik.