Gizartea -
GERTAKARIA
Gazte bat atxilotu dute Irunen, argirik gabe eta mozkortuta gidatzeagatik
Argirik gabe zihoan Irungo hirigunetik. Ertzainek gelditzeko esan diote, baina 20 urteko gazteak ez die jaramonik egin eta kontrako noranzkoan ihes egiten saiatu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 20 urteko gizon bat atxilotu du astearte honetan Irunen, mozkortuta autoa bat gidatzen atzeman ondoren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Ertzaintzaren patruila batek argirik gabe zihoan ibilgailu bat ikusi du goizaldean Irungo hirigunean. Ertzainek gelditzeko esan diote, soinu eta argi-seinaleen bidez, baina gidariak ez die jaramonik egin.
Gazteak maniobra arriskutsu bat egin du, biribilgune bati buelta eman dio eta kontrako noranzkoan ihes egiten saiatu da. Hori dela eta, ertzainen autoa ibilgailuaren aurrean gurutzatu da, gidaria geldiarazteko.
Gidaria mozkortuta zegoela nabaritu ondoren, atxilotu egin dute, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita. Gainera, agenteek alkohol-botila batzuk eta droga aurkitu dituzte haren autoan.
Ertzain-etxera eraman ondoren, agenteek alkoholemia-proba egin diote, eta positibo eman du. Arnastutako aire litroko 0,59 miligramoko alkohol-tasa eman du.
Atxilotua Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku utziko dute gaur bertan.