Gizartea -
Koronabrisua
65 urtetik gorako bezeroek lehentasuna izango dute EAEko dendetan
Halaber, alkohola salatzeko ordutegia 21:00ak arte luzatu dute. Eusko Jaurlaritzaren neurrien dekretuak zenbait berritasun ditu.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak atzo baieztatu zuen COVID-19aren pandemia gelditzeko ezarri diren neurri murriztaileak gutxienez abenduaren 10era arte egongo direla indarrean, eta gaur argitaratu dute Iñigo Urkullu lehendakariaren dekretua Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean.
Alabaina, araudi horretan bi berritasun aipatzen dira: 21:00ak arte luzatu dute alkohola saltzeko ordutegia eta dendetan 65 urtetik gorako bezeroek lehentasuna izango dutela zehazten du.
LABIren Aholku Batzordeak saltoki handienetako edukiera mugatzea onartu zuen astelehenean, Gabonetako erosketa garaian jende pilaketa handiak saihesteko.
Hori horrela, 150 metro karratutik gorako dendek eta lokalek % 60ra mugatu beharko dute edukiera. Saltoki handienetan solairu eta denda guztietan bermatu beharko dute edukiera hori. Gainerako saltokiek % 75eko edukiera izango dute.
Horrez gain, dendariek 65 urtetik gorako bezeroei lehentasuna eman beharko dietela agindu dute.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 20:00etatik 21:00etara luzatu du dendetan eta supermerkatuetan alkohola salatzeko ordutegia. 21:00etatik 08:00etara bitartean debekatuta egongo da alkohola saltzea.
Halaber, eremu publikoan alkohola edatea galarazita dagoela gogoratu dute.